Lo Zuri
Gaur gauean Drakula,
Frankenstein eta Oz-eko Mendebaldeko sorgina bera ere etorri dira,
neureganatu ditudan beraien ametsak berreskuratzera.
Amesten ez duen horietakoa naizela esan diet,
eta dena eraman ahal zutela,
gauez dena beltza dagoela nire barruan,
itzalita nagoela.
Dena eraman dute, iluntasuna ere,
hemendik aurrera gauez begiak itxita amesten dut,
zuriz.
Lo Gorri
Metronomo erraldoiak ikusten ditut hirian zehar,
denbora eta erritmoa nolakoak diren esaten duten metronomo erraldoiak,
nondik norako bideak ordenatu,
zuzendu eta antolatzen dituzten metronomoak.
Gorrak ez dituzte entzuten,
gorren erritmoa beste bat da,
ez dituzte metronomoen aginduak jarraitzen,
kanpokoenak ez behintzat.
Gortu gaitezen,
baina ez gogortu,
gortu gaitezen eta ez agortu.
Gure erritmoa zein den entzuteko haina gortu,
barrutik datozenak entzuteko,
behingoz, nor garen jakitea lortu.
Lo Beltz
Batzuk estomakan tximeletak izaten dituztela esaten dute,
nik zulo bat dut.
Zilborra esaten diote,
baina nik zulo beltz bat dela diot,
nire grabitate zentroa da zulo beltz hori,
sakon eta iluna,
nire bizitza eta oreka zulo horren inguruan antolatzen da.
Horren beltza eta sakona, bertan galdu naitekeela,
eta zu nirekin galtzea nahiko nukeela,
nire zulo beltz hontan galdu,
desagertu.
Ederrak benetan, Acli.
Mila esker A.U. Jauna, gustatu izanak pozten nau.