Nicolas. (attona)

image

Bizitzaren azken muturra ikustea, konponbiderik ez duen makineria baten kolapsoaren testigua izatea. Azken egunak zenbatuz, noiz iritsiko ote den galdetuz, eta orain zer? Ez dago zer eginik, badakizu. Eta azken eguna itxarotea, biologiaren kutizia bezala, egutegian dadoak jaurti erortzen diren bezala hala itzalduko da gorputzaren azken arnasa.

Gerrate bat, ihesa, heriotza, lana, oparotasuna eta haundinahikeriaren bideak zeharkatu, horror vacui kitsch batetan bizi. Lore eta elefante estanpatuetako alkandorak, Brasilen egindako ehundaka argazki xorro batetan gordeak, Alemanian espiotza industriala burutzea, asteazkenetan frantseseko mintzapraktikan  aritzea Pasaiko portutik paseatzen.

Zainetan kasta, errobotikoa batzuetan, begietan komunikazioa, bizipen guzti horien proiekzioa, zinema areto batetan bezala. Buiosoa oso, marmartia gehiago, gorra ere. Nere zainetan daude gauza horietako asko, ez ditut agian guztiak maite, baina gu gara, istoria honi jarraipen ematen diogunak, bere omenez, datozenak datozela izango gara, izan daitezen.

Rito

image

Galtza motz eta elastiko berberekin janzten zituen maitale guztiak. Dutxarako toalla berdina utzi, desodorante bera, ohearen alde berdinean lo eginarazi, modu berdintsuan musukatu eta besarkatzen zituen, film berdina aldiro ikustarazten zien, jatetxe berdinean eskaturiko Sushi berdina eta ardo txuri iguala edan eta jan egiten zuten.

Gau guztia igarotzen zuen beraiei so, goizalderako beste pertsona hori bilakatuko zirelakoan, ez zen ordea inoiz gertatzen.

Sutea

image

Extremofiloak kondizio muturrekoetan bizi diren bizi formak dira. Erre egingo dira gainontzekoak sutean, ezerren hautsa osatuz, akaso fenix gisa baten bat zortez bueltatuz, erreakzio exotermiko hauen energian eraldatuz. Extremofiloak berean du etxea, eraldaketa prozesu hortan xedea, organikoa inorganiko bilakatze hortan bidea.

Burutapenak.

Marruskadura

 

img_20160510_185820.jpg

Zailtasuna.
Marruskaduraren sinonimo gisa, emaitza konkretu bat lortzearren egindako esfortzuaren erakuslea, frikzio bidezko erredura. Gorputz baten elastikotasuna neurtzen duen ekuazioa, puntu kritikoa, bektoreen neutralizazioa, Newton berriz. Ulises eta lamiak, txirrinda zaharkitu baten norabidea etengabean zuzendu beharraren tenka, inertziaren kontrako ekintza. Akzioaren akzioa, efektuaren efektua, irrazionaltasuna arrazoitzearen mina, eritasuna, hutsa, dolua.

Edo aldaketa hautatzea, marruskadura saihestea, Sergei Bubka pertiga jauziaren marka italian gainditzen, 6’14 metrotan, konkordaren soinu abiaduraren eztanda tinpanoetan, fondoko lasterkariaren bakardadea, ezetza binarizatu, morsean komunikatu, ezetzak ezak izanik, baietzak bideak, eta puntuak lotu, konstelazioak marraztuz, mapa osatu eta altxorra lortu, altxortu, marruskadura atzean utziz.

Idazketa automatikoak