Güero

Lucho conmigo mismo,a ajedrez, a damas, al parchís, a lucha grecorromana, a sumo.

Asumo y vuelvo a librarme de mi propio nudo, me desnudo, me anudo, reanudo la partida, me enroco, recorro el tablero hasta el borde y toco todas las piezas, las cuento, las ordeno, las retoco. 

No encuentro el orden si no me ayudan no sé que botón toco. Si el correcto o el incorrecto, si construyo o destrozo. Dame un trozo, extiéndeme la mano, quiero salir de la lona, de este lodo.

Bonsai

Nere barrenetan murgilduko naiz, 

senaren bila, 

erdigune baten bila. 

Eta barruan hazi nuen zuhaitza moztu beharko dut haraino iristeko. 

Baso bat dut barnean, eta ez dit ikusten uzten. 

Hostoak moztu beharko ditut, 

adarrak moztu beharko ditut. 

Enbor txiki bat utziko dut, 

pasatzen utzi ahal izateko, 

lehorteetan bezala, suteetan bezala. 

Berriro haziko da noizbait, beste nonbaitetik etorritako euriteekin, 

beste ibarretako uholdeekin, beste garai batean etorriko diren egun batzuetan. 

Bitartean traba egiten dit zuhaitzak, ezin dut basoa antzeman, ez baitit erdigunea topatzen uzten.

Geruza

Geruza bat inguratzen nau, 

eguzkitako krema bezala, 

lohia bezalakoa, dentsitate handikoa, 

likatsua. Pentsatzen hasi baino lehenago ematen dut, gezurren kontrako geruza, 50 faktorea dela esan zidan botikako neskak. Babes osoa, pantaila efektua, ez dizu umorea aldatuko.

Baina pentsatzea kostatzen zait, likatsu sentitzen naiz, hitzak hondar aleak balira bezala azalean itsatsirik gelditzen zaizkit, 

ez da batere erosoa. 

Gero dutxatu egiten naiz, eta hitz guztiak xaboiarekin gainetik kendu, dutxako platera letra zopa bat da, eta esandakoak asmatzen saiatzen naiz zulotik ixuri aurretik. 

Baina ezin, fikzioak izango ez ote dira hondar ale guzti horiek, itsasoratuko dira, geruza honetatik gezurrak osatuz.

Aste bat Tropikoan

Monstera
45 metro karratuko oihan batean biziraupen froga bat gainditzearen saria, klima tropikalaren epeltasun umelean.
Bat-batean ekaitza eta euri zaparradak, dena malkotan busti, eta uholdeak nonahi.
Bat-batean atertu eta oihanak izkutatzen dituen zera preziatu guztiak kirika agertzea, gutxinaka, agurtzera. Bakoitzak berea eginez, abestu behar denean abestuz, dantzatu behar denean dantzatuz, elikatu ere, eta horrela oihanaren legea jarraituz.
Eta gauez dantza, tribuetan bezala antza, eta oihanean etzan, eta 38’7 gradu zentigradu besarkatu.
Kaiola bat zela esango lukete batzuk, inguratuta, barroteekin, eta bisitariak leihoetatik begira, nork ez luke paradisua zelatatu nahiko, baina ateak irekiak zeuden eta nahi haina atera eta sartu ahal zen.
Erreserba bat da, izaki preziatuenak babesteko, parke natural bat.
Bai, natura ederra delako, ezagutzen dudan ederrena, gogorra akaso batzuetan, nola ez, itsaso zakarra dagoenean petrilera hurbiltzen zarenekoan bezala, erortzearen aukera dago, baina hau ere naturaren parte da, bere nolakotasunaren parte.
Mikroklimak ditut gustoko, tropikoan kokatutakoak espreski, aste bat igaro dut bertan, eta bizirik irten.
Berriro egingo nuke.
Etxean sentiarazten dit eta, erreserban animalia bai naiz berriro ere, gizartetik libre.

​Argi-ilunak

 

Itzaletik ihes egiten duten ume izutiak dirudigu. Argiruntz korrika, itzala gure parte dela jakingo ez bagenu bezala, peter pan inuzenteak, itzalak hala nola gure oinetatik askatu eta bere kabuz alde egiteko gauza balira bezala. Itzalik ez bada nahi ilunpetan beharko, argia dagoen toki orotan itzala baitago.