Metodologia

Hitz bat hartu, adibidez zu, eta ni. Kontsonante edo bokal bat kendu, eta hitz berri bat sortu, u eta i. 

Eta zergatik zu, eta ni. 

Ezagutzen dudana delako. 

Tolestu hitza, kontsonante bat gehitu, atzekoz aurrera jarri, suge bat dirudi, eta orain su eman. Zer diote errautsek? nork daki. 

Eta usainak, zeren antza du? Zure portalarena, edo peñiskolako umetako etxe hartako fruta dendaren tankerakoa. Udare usaina, eta uda zen, baina udaberrian gaude. 

Berria da bai, zaharretik birsortua, garretatik eratorria, hitz berria, gu eta bi. 
Kaleidoskopioan jarri eta bikoiztu, laukoiztu, poliedroan. Orain aleatorioki hautatuko ditugu isladak, eta moztu karta-sorta. Hor dago. 

Kiromantzia. 

Zenbat aldiz nahastuko ditugu esanahiak, berriro moztu, azken karta hartu. Bihotzen erregea parkin huts baten lurzoruan zapaldua. Matxuratuta ere norbaitek topatua, noraezaren ondoren birkokatua, aldare berrian.

Bi hitz hartu hala nola, lotu mutur bana eta lokarri bat egin, lepoko bat, edo begia tronpatzeko ziria, biraka jarri. Hitza eta esanahiaren tartean gordetzen direnak ikusteko bide bakarra.
Hitzak bularretik ateratzeko esku liburua. 

Idazketa automatikoak

​Gatza

IMG_20170409_184734_964

Itsasoa, bortizki koordinatzen den ur masa, bere indarra barealdian ere mantentzen duena. Potentziala, eztanda egiteko zorian dagoen bonba, eta hiru, bi, bat, ekaitza.

Katalizadoreak daude, katalizadoreak, zu adibidez. Makineria pizten dutenak, eta potentziala zinetiko bilakatzen da. Une hortatik aurrera zikloa errespetatzea ez besterik ez dago.

Bortizki dira olatuak, korrontean gal zaitezkeelarik, eta talkak gogorrak dira pareten kontra, arroken kontra, zubi, petril, eta hondartzen kontra eztanda eginez, behin eta berriro ur masa horren aienea. Ziklikoa da, eta bere prozesua du, hasi eta amaitu, denborak baretuko du itsaskiaren amorrua. Haren orroa. Kosta mugiezina bere indarraz irentsi nahi duen irrazionaltasunez beteriko kaos likidoa.

Eta denbora gupidagabea da, irrazionala, zenbatezinak diren dezimaletaraino zatigarria, plastikoa. Kamara bizkorrean 150 fotograma segunduko, eta bat-batean mantsotasun betean, argizaria bezain lodia den denboran, antzinako denboran, kandelapeko argian. Mekanikaren aurretik existitzen zen denbora fisikoan.

Eta itsasargian gordeko da argi hori, denbora fisikoaren oroimenez, saindutegia, kandela txiki bat, katalizadorea, itsasoaren nolakotasunaren zaindari, itsasargian, galdu ez gaitezen ekaitzan, itsaskian. Ziklikoa delako eta.