Itsasoa, bortizki koordinatzen den ur masa, bere indarra barealdian ere mantentzen duena. Potentziala, eztanda egiteko zorian dagoen bonba, eta hiru, bi, bat, ekaitza.
Katalizadoreak daude, katalizadoreak, zu adibidez. Makineria pizten dutenak, eta potentziala zinetiko bilakatzen da. Une hortatik aurrera zikloa errespetatzea ez besterik ez dago.
Bortizki dira olatuak, korrontean gal zaitezkeelarik, eta talkak gogorrak dira pareten kontra, arroken kontra, zubi, petril, eta hondartzen kontra eztanda eginez, behin eta berriro ur masa horren aienea. Ziklikoa da, eta bere prozesua du, hasi eta amaitu, denborak baretuko du itsaskiaren amorrua. Haren orroa. Kosta mugiezina bere indarraz irentsi nahi duen irrazionaltasunez beteriko kaos likidoa.
Eta denbora gupidagabea da, irrazionala, zenbatezinak diren dezimaletaraino zatigarria, plastikoa. Kamara bizkorrean 150 fotograma segunduko, eta bat-batean mantsotasun betean, argizaria bezain lodia den denboran, antzinako denboran, kandelapeko argian. Mekanikaren aurretik existitzen zen denbora fisikoan.
Eta itsasargian gordeko da argi hori, denbora fisikoaren oroimenez, saindutegia, kandela txiki bat, katalizadorea, itsasoaren nolakotasunaren zaindari, itsasargian, galdu ez gaitezen ekaitzan, itsaskian. Ziklikoa delako eta.