Teoria

Helburua aukeratu, azaldu, deskribatu, hitzez hitz istorioa argudiatu, hau da esan nahi dudana, bihotzez, nire ikuspuntua, orain, bat batean. 

Distantzia hartu, ikuspegi desberdinetatik hausnartu gaia, kritikatu, gaitzetsi, hutsune guztiak antzeman. Galbae bat da orain, zeharkatu esandakoa ikuspegi osagarriekin, hari gorriak bezala, makramea, amets arrapatzaile horietako bat, lotu, orbita guztiak bildu, kausa guztietatik jardun, ez gaitezen gal, inor zauritu, unibertsoa, azken diskurtsoa, totuma.

Azken diskurtsoa, osatua, begiratzen den tokitik begiratzen dela perfektua, konpaktua, ezeztatu ezina, egia, bonba bat, arma bat.

Distantzia hartu, hausnartu esandakoa, galbaea berriz.

Pentsamendu kritiko politikoki zuzenaren ziklo etengabea.

Hegazkinak

Ikusi ditut aireratzen txikitatik,

lurreratzen, etxe aurrean,

goizeko zazpi t’erditakoa, 

ordu bat t’erditakoa,

bederatziretakoa.

Ez dute ia denborik pasatzen lurrean,

erre egingo balie bezala lurzoruak,

herriak,

lurreratu bezain pronto aireratzen dira hegazkinak.

Beti urrun, airean, heltzen eta joaten ikusten ditut sarri.

Oraindik begira geratzen naiz, eta paseoan dabiltzan turistak ere, liluratuta.

Txikitan hegan egiten nuela askotan amesten nuen, besoak astintzen, txoriak bezala, ez dakit loturarik duen, nork daki.

Kontua da ez dakidala hegan egiten oraindik, oinez ikasi nuen, korrika egiten, txirrindan ibiltzen ere, auzoan, lurreratze pistatik metro gutxitara, igerian ere ikasi nuen, baina ez dut hegan egiten ikasi. Ametsetan bakarrik, noizean behin, oraindik amesten dut, hegan egiten dudala, turistak paseoan begira, liluratuta begira ditudala.

Kuantikoa

Errepikatzen diot neure buruari,
oraindik oihartzuna entzuten dudalako etxeko salan bakarrik, 

kuantikoak ziren besoak oraindik besarkatzen ditudalako,

oihartzunetan dirauten azal puskak, ezkatak, hautsa, 

etxeko salan, 

hutsik, 

entzuten ditut oraindik 

kuantikoak ziren besarkadak.

Publizitatea

Aldiro agertzen zara,

bete ezin dituzunak eskainiz,

une hoberenetan,

dinamika guztiak geldiaraziz, propaganda.

Eta ezin katez aldatu iragarkia bukatu arte,

iruzur intermitenteen doiketa sistematikoa.

Berriro eros dezadan matxuratutako tresna erabilezina.