Galdura

wp-image-272960887jpg.jpg

Irratia piztuta zegoen, egunero bezala. Argia leihotik sartzen zen, udako egun haietan bezala. Negua zen, baina. Ander leihotik begira, betiko moduan, kanpoan zerbait gertatzen ari ote den asmatu nahian balego bezala. Gauzak asko aldatu dira ordutik, udatik diot, gaur, tarteka,uda badirudi ere ; argiaren kontua izango da.

Sirena jotzen hasi dira berriro ere, etxeraino sartzen da. Zarata zaurgarria da, bortitza, gerrateetakoa bezalakoa, bonbardatu egingo gaituztela dirudi. Eztanda bat entzun da, kale batzuk haratago izan dela dirudi, Easo plaza inguruan. Sirenak bere horretan jarraitzen du, Ander marmarrean dabil, ez diot ulertzen, urduri dagoela uste dut.

Inork ez daki nola hasi zen, irratian etengabean hortaz ari dira, segurtasun neurriak direla eta, gure hobe beharrez ezarritako neurriak, hau eta bestea. Irratia gau eta egun piztuta, ez da musikarik entzuten dagoeneko, ez horrenbeste gorroto nituen iragarkiak, ez saiorik, bakarrik berriak, etengabean, baina ez dute jatorririk asmatu, oraindik ez.

Internet debekatzen hasi ziren; telefono sareak moztu zituzten lehendabizi, telebista ondoren, idatzizko testuak azkenik. Irratiarekin mantentzen gaituzte egunean, etxean gaude, lubakian, gobernuak salbuespen egoera ezarri zuenetik.

 

Dirudienez kalera irtetea arriskutsua da, erreboltak sortu dira kalean, lapurretak, mafiak, eta gero izurria, noski; ez dakigu nola zabaltzen den. Hasi zenetik etxean gaude, ez dakit zeren zain. Anderri esan diot behin baino gehiagotan, alde egiteko garaia dela, beste nonbaitera, ezin dugula hemen gelditu, ezin dugula horrela jarraitu. Ez dit jaramonik egiten, ez du berdin pentsatzen antza. Hau guztia hasi zenetik ez da berdina, leihoan pasatzen ditu orduak, ibaiari begira.

 

Zaila da kutsatu zaren jakitea, hasieran ez dago gaixotasunaren arrastorik, denbora hartzen du azaleratzen. Horregatik iritsi gara egungo egoerara, beranduegi denean, orduan ohartu garelako larritasunaz, dagoeneko berandu den, ez nago ziur.

 

Hasieran hitz solteak ahazten dira, ausaz, hitz bat hemendik, bestea handik, baina hiztegi osatua dugunez, bete egiten ditugu hutsuneak hitzen batekin asmatzen ez dugunean, horrela gaixotasunari aurrera egiten utziz. Hitzok ahaztu, desagertu, eta ondoren, beste hitz pare bat, aditz ondo bat, aditz laguntzailea, aditza. Eta hitzez hitz, gutxika-gutxika hitz egiteko gaitasuna galtzen den arte, ahaztu, desagertu.

 

Nola antzeman gaixotu garen, hitzak ahazten direnean? Zaila da, gaixotasuna egoera aurreratu batean soilik egiten da ageriko. Eta nola jakin zein den kutsakortasuna, kutsatze bidea?

 

Segurtasun kontuak direla eta ezarri ote zuen gobernuak salbuespen egoera , alegia, ulertzen ez zuen egoera bati aurre egiteko? Edo egoera kontrolpean edukitzeko? Are kontrol handiagoa izateko?

 

Izurria hasi zenetik gauza azkar zabaldu da, baita azkar aldatu ere. Komunikabide guztiak itxi, liburutegi, liburu denda, espazio publiko guztiak itxi, guztiak etxean, gure hobe beharrez.

 

Kaleetan lapurretak daude, mafiak, merkatu beltza sortu da hitzekin. Diotenez, Bretxan eta San Martinen talde klandestinoak biltzen dira, bertan paper puskatan idatzitako hitzak elkartrukatzen dituzte, hitzen merkatu beltz bat sortzen hasi da. Behin gaixotuta, hitzak idatziz gordeta badituzu, luzeago irauten duzu. Esamesak agian, nork daki. Liburutegi eta liburu dendetan sarraskiak egin dituzte, janari dendetan ere bai, jendeak idatzitako testuak trukatzen ditu, zerbait preziatua bilakatu da orain hitza. Bizilagunak patata pure kaxa bateko errezeta puska bat pasa zigun ate azpiko zirrikitutik, kontrako aldean letra traketsean, eutsi bikote, zioen, ez dugu elkar ikusi udatik.

 

Irratiak egoeraren berri ematen du etengabean, baina ez dago hori guztia egia den jakiteko modurik, dirudienez egoera asko zabaldu da, Koldo Mitxelena liburutegia hesitu dute eta megafonia ipini, bertatik aldiro segurtasun mezuak igortzen dituzte: “Herritar agurgarriak, zuen segurtasuna dela eta etxean babes zaitezte, giltzapetu, salbuespen egoeran gaude, Udalak zuen arreta estimatzen du”. Baina bada inoiz esaten ez duten zerbait; zer gertatzen zaien gaixotasunaren azken fasera iristen direnei, hau da, hitz egiteko gaitasuna galtzen dutenei. Pertsona arrazionalak izaten jarraituko dugu, edo animaliak bilakatuko gara? Pentsatzeko gaitasunik izaten jarraituko al dugu? Ez dute horrelakorik argitzen irratian. Hori bai, kalean arriskuan gaudela behin eta berriro diote, mafiak direla alde batetik, kutsatutako jendea errari dabilela eta arriskutsua dela bestetik.

 

Ez dut Ander utzi nahi, oso luzea egin zait udatik hona gertatutako guztia; bizi oso bat dirudi, baina, hilabete gutxi batzuk besterik ez dira pasa.

 

Kasu gehienetan bezala, hasieran ez ginen konturatu. Lapsus txikiak bat batean, eta biak barrez algaraka bukatzen genuen betiko moduan. Izurriaren berri eman zutenean, ordea, gauza aldatu egin zen. Bakoitzak etengabe aztertzen genuen geure burua, benetako lapsusa ote zen edo gaixotasunaren zantzua izan zitekeen igarri nahian. Egoera paranoiko xamarra da, urduri egonarazten zaitu, zu eta guztiak noski, denak berdin baikaude.

 

Konturatzerako, Anderrek arazo larriak zituen zentzuzko esaldi oso bat osatzeko. Horrela izaten da. Dirudienez logika bat jarraitzen du, hitzak erabilera mugatua dute behin gaixotu ondoren, aditzak, aditz ondoak… Hitz erabilienak dira desagertzen lehenengoak, horrela behin galdutako hitzak desagertuta, gutxiagotan erabiltzen direnetara jotzera behartuta zaude. Penagarria hitz hauek ere desagertuko direlaz ohartzea, tamalez, tristea oso jabetu ginenean. Hor ikusten dut leihoan, begietara so eginez gero badakit bera dela, baina dagoeneko ez du ia hitzik egiten. Ez dakit ez dituen hitzak galdu nahi eta horregatik ez duen hitz egiten, edo dagoeneko gaixotasuna egoera aurreratu batean dagoen.

 

Horregatik esaten diot alde egiteko, edonora, beste nonbaitera, muga gurutzatu akaso, baina berak ez du nahi, ez dut ezagutzen dagoeneko. Konturatzerako hitz egiteari guztiz utziko dio, eta orduan zer. Edo etxez etxe lapurretan dabilen mafietako baten bat agertuko zaigu, etxea hustu nahian, janaria, liburuak, prospektuak, xanpuaren atzeko idatzia. Dena hankaz gora utziko dute, gu jipoitu eta etxea deseginda.

 

Baina Anderrek ez du nahi, eta nik ezin dut horrela jarraitu, banoala esan diot, ez dit ia begiratu, leihoan dago, begira, axolako ez balitzaio bezala.

 

Gauzak hartu, muxu eman, eta atera egin naiz. Eskailerak jaisten hasi naiz.Bosgarrenean bizi gara. Jaisten ari naizela, hirugarren solairutik behera ate guztiak zabalik daudela ikusi dut. Jaisten jarraitzen dut, ea autora iristea lortzen dudan. Zaratak entzuten dira portaletik, pisuetako batean zerbait gertatzen ariko balitz bezala. Kalera ateratzen naiz, hutsik dago, inor ez, gora begiratzen dut, gure leihora. Hor dago Ander, zutik, bizkarrez, etxean jende gehiago dagoela dirudi. Autorantz jarraitzen dut korrika, etxe aurrean dago, espaloi ondoan, Antso jakituna eta Bizkaia pasealekua artean, Urumea ibaiari begira. Kotxean sartzen naiz, autoa piztu, kostata, baina piztea lortzen dut, azkenengoz etxera begiratzen dut, etxeko leihotik behera besaulki bat erortzen ikusten dut, beira apurtu dute, ez dago atzera biderik, banoa.