Ondoeza eta abstrakzioa

Hotzak zeharkatzen dit hezurdura, aspalditik, oinetako behatz txikitik zabaltzen den izotzezko kristalak bezala.
Barruak denboran hiltzatuak, eta eskuak bero ditut, beroegi, zainak dilatatuak ditut, eskuak handituak, masailak gorrituak, baina hotzak dirau, barrutik datorrelako negu hau.
Isiltasun handienean entzuten direlako oihartzunik bortitzenak, eta luzatu egiten dira, iraganetik etorkizunera, nikotina egunak, kafeina gauak, eta biokimika erratuak, noizbait eratuak, korronteak daramatzala, zainetatik, iturri argitu gabeko urmaeletatik.
Eztandak, eztanda kontrolatuak, kartografia zentzugabe honetako topografian, zeharbideak topatzen ditu ondoezak aldiro zabaltzeko, gorputz osoan kristalizatuz.
Eta gezur guztien ondoren, egiak, eta egin guztien ondoren, gezurra.
Badakit, tamalez galderen denbora amaitu dela, eta erantzunak papurrez besterik ez dugula osatuko, zentzu-atalak, atazak, korrontean galdurik.
Badakidalako zer den toki hau, egonda nago, eta ez dut maite, baina aldiro itzultzen naiz, prozesu logiko deduktibo oinarrizkoenaren emaitza. Logika kontuak, aritmetika sinpleak, baina estadistikak eta probabilitateak beti ematen dute aukera, portzentaia, errore tipikoa.
Zabaltzen da zainetan, izotz hau, ondoeza bezala, hezurretan muindua, eta kutsatzen ditu berotzeko ditudan aukera guztiak, nire negu perfektu honetan.
Abstrakzioaren mugetan, asmatu ezinik, zerk mantentzen nauen iraganean preso, aurrera ezin eginik.

Sensoriala

Eskuetan daukat zure usaina,
berriro ere,
gozoa, mikatza, lehorra.
Eta zentzumenak adarra joko balidate bezala diardute,
agurra beste behin, behin ere, adiorik ez,
ekartzen ditut, daramatzat, soinean; oroitzapenak: lehorrak, gozoak, leunak.
Hatzen artean eusten saiatzen ditugun uneak,
abiaduraz, barkatzen ez duten goizeko lehenengo orduak, gosaldu eta berriz ohera,
eta hitz egin ditugun guztiak ametsekin nahasten dira, han zinen, hemen zaude, baina ez dago denborarik, banoa,
berriro ere, behin ere.
Zure usaina dirau nire eskuetan.
Eta zentzumenak luzatuko dituzte orduak,
dagoeneko ez bazaude ere, ordu batzuetan konpainia onena, mantenduko dute, ameskeria, anestesia.
Zure usaina gordetzen dudalako eskuetan.

Egunero

Egunero esnatu egiten naiz, begiak ireki esan nahi dut. Literalki, ez metaforikoki. Eta minutu pare bat pasatzen ditut nire burua kokatzen, maindirea gorputzarekin sumatzen, gihar gogortuak luzatzen, harrausi egin, animalia bat naiz. Arrazoia nahastuta dabil oraindik ordu horietan, ez dakit non sartzen den, agian oraindik ez da kargatu nire sisteman. Eta altxatu egiten naiz, errobot bat banintz belaza, altxatu, sukaldera joan, gosaria egin, kafea, zerealak, irratia piztu agian, ez gaur ez, gehiegi da ordu hauetarako. Eta oraindik nire buruak atzerapena darama, badaki zer egin behar duen, automata gisa nabil, eta nire nortasuna, nire ni arrazionala atzerapenarekin doa ni jarraitzen, hanka sartzen badut ere gaizki nabilela gogorarazteko. Nire inguruan dabil oraindik, haize korronte bat bezala. Eta dutxan sartu egiten naiz. Eta gutxinaka ur bero horren ondorioz nire izate fisiko hau, nire gorputz hau, hezur eta mami hau, nire animalia eta ni naizen hori batu egiten dira azkenean. Egunari aurre egiteko.

Heriotza bikoitza (Doble Malta) antzezlaneko pasartea

Bestaldetik

Hitz egiten didate
hormaren bestaldetik,
hitzak,
galderak.
Eta erantzuten diot hormari,
ahots horri,
elkarrizketa jarraitu,
ibilbideari zentzua eman,
norabidea.
Hitz egiten didate
hormaren bestaldetik,
bat batean,
nahieran,
ausaz, tarteka, noizean behin, ordenik gabe
eta erantzuten dut.
Hitzak gelditzen diren arte,
hautsi,
elkarrizketa eteten den arte,
bakarrizketa bilakatu egiten da,
hitzak norabide bakarrekoak bilakatzen diren arte,
hormaren kontra joaz,
bestaldean hutsa,
ezezaguna, ezereza, eza.
Hemen,
hitzak, metatuak
eta horma, biluzia.