Hipersomnia

Denbora zabaldu egiten da, txiklezko haria bezala, luzatu, tolestu, eta berriz ere zabaldu.
Eta zinta bat da,
garamatzala,
norabiderik gabe.
Egunerokotasuna errepikatzen da,
behin eta berriz,
behin eta berriz.
Berriak irratian, telebistan, egunkarietan.
Sare sozialetako larritasuna,
irakurri gabeko mezuen kate amaigabeak,
ogasunarekin kitatu beharreko zorrak, isunak, landareak ureztatu.
Zonbiak ikusten ditut leihotik pasiatzen,
itsasoa plato,
eta egunak nahasten dira, elkar trukatu daitezkeen piezak bezala, unitate soilak, klonaturiko pieza neurgarriak.
Gaua eta eguna batu egiten dira, errealitatea eta ametsa batuz, kontinuumean, ziklo biologikoaren ezinbestekotasuna.
Bizirik gaudenaren seinale bakarra, ziklo zenbagarriak neurtu ahal izatea, metatu, egutegian marratu, dagoeneko galdu da, dagoeneko bete da, beste bat.
Noiz iritsiko da udaberria, galdetzen diogu geure buruari, baina konturatzerako udazkena izango da.
Heldulekuak desagertzen dira epeka, eta korronteak indar egiten du, jauzi hirukoitza, zipristinik ez, epaimahaikideak 9’8 9’7 8’8 ematen dute, publikoak txalotu,
eta zonbiak igeriketa sinkronizatua dantzatzen dute,
beste egun batez.

Espazio txikietan

Hasieran zelaiak ziruditen,
zabal eta amaiezinak,
bazter, muga eta sargune ezezagunekin.
Igaro nituen guztiak, itxuak makuluarekin egiten duen bezala, itxas hondoetako submarinoen sonarrak.
Eta behin eta berriro igarotzen nituen espazio amaigabe horren mugak, zabal eta ezezagunak, nire egin nituen arte, eta dizdira egiten nuen, arnasa bezala iluntasunean, beirazko potoan ipurtargiak bezala.
Baina mapa osatu nuen, planua ezagutzeraino, eta espazioak dagoeneko ezagunak egin zitzaizkidan, espazio txikiak.
Ziega baten parekoa zen argitu beharreko zuloa, txikia, iluna, ia mugitzeko aukerarik gabea.
Algarak entzuten nituen ondoko gelan, baina ezin jakin zer zegoen kanpoan.
Bitartean, zabala zitzaidan mundu hau txiki egiten zen, gero eta txikiagoa, gero eta ilunagoa, esku artean sartzen den espazioa, eskuak balira behinik behin paretak.
Baina hotzak ziren mugak,
eta isilak, beirazko hormak,
erakustoki pribatuan, trofeoa.
Galdutako apal batean oroitzapenak argituz, gero eta apalagoa zen argiaz,
noiz bisitatua izango zen kutizia bezala,
espazio txikian.

Lapurrak

Lapurrak sartu ziren aspaldi etxean,
eta berea egin zuten.
Bizkarroiak, ostu, erre, zikindu.
Juan bautistaren burua plater batean,
San Jose loreak negu amaieran,
eskuak mozten dizkietela lapurrei mediterraneotik bestaldera.
Hilezkortasunaren mitoa, kronifikazioaren fikzioa, omeopatiaren esklabutza, eta denbora izango da azkenik ateak irekiko dituena.

Meteorologia apetatsuak, eguzki izpiak, eta banpiroen kontrako berakatz lepokoak.
Argia sartu da, ez zen horren zaila, leihoak irekitzea besterik ez zegoen, barruan indartutako munstroaz askatzeko.
Bi kate.