Lohia

IMG_20180629_235709_886.jpg

Atera nahi duzu, aste arraroa izan duzu, barrenak nahasten dizkizun horietakoa, baina ondo zaude, aseptiko samar. Ez duzu ateratzeko beharrik sentitzen, hala ere, atera zara, larunbat gaua da.

Egian zaude, lagun baten zain, bat batean, urrutira ikusi duzu, ez, laguna ez, beste hura, bai, bera, ikusi nahi ez zenuen hori bera. Ez da ezer gertatzen, dagoeneko erabakia hartuta dago, zu zurera, eta beste guztia pikutara (nahasi samar utzi zaitu baina).

Gintonic bat, bi, garagardoa, tabakoa… Kontua galtzen hasi zara, baina ondo zaude. Bukowskira heldu eta hip-hopa jartzen ari dira; zuk gitarrak eta zarata espero zenituen. Hortaz, Dabadabara joatea erabaki duzu. Gauak aurrera egiten du, ez zenuen uste horrenbeste iraungo zenuenik. Sartu eta aurpegi ezagunen bila jarri zara, dantzan egiten duzu, txupitoak edatera gonbidatu zaituzte. Dantzan jarraitzen duzu, barrezka. Bi tipo erakargarri daude, gustuko duzun neska bat. Neskarekin musukatzen zara, ez dakizu zer nahi duzun, mozkor zaude dagoeneko. Zure patuaren zain zaude, zerbaiten zain, erreferenteak galtzen ari zara. Aretoan dauden guztiekin eta dagoen guztiarekin hitz egiten duzu, edo ia, zer demontre?!

Dabadabatik atera eta ezagun batekin aurkitu zara (behin bakarrik hitz egin duzue elkarrekin, ez dakizu ezagun kategoriara ere iritsiko litzatekeen), lokal batera zaramatza. Rokodromo bat da, mozkor zaude, dena da posible. Bost lagun zaudete bertan, hizketan, elkarrizketa surrealista bilakatu da, ez zara eroso sentitzen, alde egiten duzu.

Cactusera abiatu zara, dagoeneko berokirik gabe (ustez), edaten jarraitzen duzu, ez dago zu bezalakorik, handituta zaude, argi dago alkoholaren eragina dela. Atera egin zara, vending makinara abiatu (zer gertatzen da vendingetan billeteak hartzeko tramankuluekin? Nork diseinatzen ditu? Deabruak? Mozkorren kontrako tranpak dira). Zerbait jan duzu, Cactusera bueltatu. Itzultzerakoan han aurkitzen duzunak ez zaitu konbentzitzen: etxera joateko garaia.

Bazoaz, vendingetik pasa zara berriz, bigarrenez jan (bai, eta zer?!) eta oinez abiatu zara; eguna da. Etxeko giltzak berokian zeneramatzala konturatu zara. Segi goiti berriz. Cactuseko jabearekin eta zerbitzariarekin topo egin eta atea ireki dizute, berokiaren arrastorik ez. Etxera berriz. Pisua konpartitzen duzu, norbaitek irekiko dizu (egun Donostian bakarrik bizitzea luxua da). Iritsi zara. Ez dago inor. Deitu duzu, behin, bitan, hirutan, aspertzeraino. Pareko bizilaguna agertu da, gertatutakoa azaldu diozu (beno, gutxi gorabehera…). Bere etxean lo egitera gonbidatu zaitu, baiezkoa eman diozu, guztiz eroso sentitu ez bazara ere, zer erremedio. Ohea egin dizu, jator portatu da (senarra bihotzekoak jota hil zela esan dizu, gogora dakarkiozu antza, zinegotzia izandakoa da, ETAk mehatxatua).

Esnatu zara, arratsaldeko laurak, giltzarik gabe jarraitzen duzu. Non zauden eta zer gertatu den gogoratu duzu, oraindik erdi mozkor jarraitzen duzu (ez da txantxa). Altxa, bizilagunarekin hitz egin. Geldi zaitezen konbentzitzen saiatzen da, ez duzu gelditu nahi, nahastuta zaude, ezin argi pentsatu, bazoaz.

Atzo mugikorrean PIN zenbakia pare batetan sartzen saiatu zinen, hanka sartu zenuen, edo gorputz osoa, beste galaxia bateraino. PUKa eskatzen dizu, argi dago ez dakizula zein den, oraindik ez zara gertatzen ari denaz jabetu, tentelduta zaude. Kiribil batean sartuta zaude norbaiti deitu nahian, telefono zenbaki bat eskuratu nahian, ezinezkoa da, logikoa, mugikorra blokeatuta dago.

Etxe ondoko tabernara joan zara, kafea eskatu, eskerrak atzo ez zenuela gainean zeneraman diru guztia xahutu (izerdi hotz tanta bat kopetan). Ordenagailu bat eskatu duzu, baietz esan dizute, bazkalostea da, zu ez zara lehentasuna, egia esateko, erritmo bananeroa daramate eta ez zaude itxaroteko ganoraz. Atera zara, Dabadabara itzuli, maitagarriak dira. Ordenagailua eskatu diezu, mugikor bat. Utzi dizkizute.

Argitasunik gabe pentsatzen jarraitzen duzu, (memelo) Marten zaude oraindik, zure ex-arekin kontaktatzen saiatzen zara. Lubaki bat eskain diezazukeen bakarra da oraintxe bertan. Ezer ez, tontotuta zaude, zirkuituak kiskalita, haserre zaude, barraskiloaren abiaduran zoaz, gainerako mundua erritmo normalean (edo alderantziz?). Eskerrak eman ondoren, bazoaz, ez duzu deus garbirik lortu, (biba zu!).

Egian zaude berriro, ez dakizu zer egin. Lokutoriora joan zara. Guadalupeko amabirjina agertu zaizu eta oraindik ditxosozko PUK hostia ez dakizula oroitarazi (arrazoi!). Bai, Dabadaban egon zara, ordenagailua eta mugikor bat eskutan eduki eta ez diezu etekinik ateratzen jakin, badakizu, atzeratua zara, argi dago, bestela ez zinateke zauden egoeran egongo. Lokutorioan, azkenik, Internet bidez PUKa zein den jakitea lortu duzu. Vodafonen web orria infernua da (ez zaitezte sartu). Mugikorra blokeatzerakoan PINa aldatu dizutela ikusi duzu, baina ez diozu jaramonik egin.

Irten zara, mugikorra dagoeneko desblokeatu duzu. Anaiari deitu diozu, lagun bati, amari mezu bat bidali, igandea da eta ez duzu bizi seinalerik eman. Dagoeneko Deloreana hartuko zuen eta denboran nork daki nora bidaiatuko zuen auskalo non agertzeko, zu topatzeko asmoz. Lasaitzen duzu, lasaitzen dituzu, edo kontrako guztia, nork daki.

Zure ex-ari deitu diozu. Dagoeneko ez dakizu pentsatzeko gauza zaren ala artaburu hutsa (zakil halakoa, ez duzu erremediorik). Ez dio telefonoari erantzuten. Mezu bat bidaltzen diozu, hurbil bizi da, “Help me, laguntza mesedez!”. Erantzun du, baita zutaz erdi-paso egin ere. Bazenekien ideia txarra zela eta ergela dela, baina ez zenuen deus galtzekorik. Mugikorra hil zaizu, zu ere pixka bat hil zara (falta zena!).

Txinatarren dendatxo batera joan eta kargadorea erosi, erreta zaude dagoeneko, dendariari mesedez mugikorra kargatzen uzteko eskatu diozu. Aquarius bat erosi duzu (sanoa zara, oso), zigarro bat erretzera atera zara bitartean. Berriz sartu zara, mugikorra pixka bat kargatu da, baina itzali denez, pizterakoan PINa eskatu dizu berriz. Sartu duzu. Ez du balio. PUKaren kontuarekin PINa jatorrizko berrezarpenetara itzuli dela konturatu zara, ikusi duzu, ez diozu jaramonik egin (benetan?). Ez dago zu bezalakorik…

Lokutoriora itzuli zara, jabeari istorioa azaldu, oso jatorra da, laguntzen dizu. Azkenik desblokeatu duzu mugikorra (Iuju!). Pisukide batekin kontaktatzea lortzen duzu. Zure ex-ak erantzun dizu eta ordu pare bat barru libre egongo dela dio (Go fuck yourself!).

Arratsaldeko zortziak. Hotz dago. Oroitu elastiko motzean zoazela, (ez zara horren matxoa, badakizu). Jokaldia probestuz, ohiaren etxera itzultzea otu zaizu, behin etxetik pasa, dutxatu eta txukundu ondoren. Matte batzuen beharra duzu, motel, egun latza izan duzu.

Etxera izoztuta iritsi zara. Azkenean. Pisukideak atea ireki dizu, ordu betean etxean egongo zela esan dizu eta han dago. Etxean sartu zara, istorioa kontatu diozu, barrez lehertu da. Besarkatu zaitu, besarkatu zarete, begietara begiratu dizu goxotasunez. Zure ohiaren etxera joateko asmoa azaldu diozu. Eskuak heldu dizkizu, “Ezta pentsatu ere!”. Gelara joan, dutxa hartu, ohean etzan eta mezu bat bidali diozu. Etxean nago dagoeneko, dena ondo.

Bihar astelehena da.

2 comentarios en “Lohia

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s