Jatorrizko hizkuntza

Gauza txikia da,
hitz batetik bestera dagoen artea,
hatsa, arnasa, hotsa, taupada.
Txikia delako leku hau,
kiribildua,
behatz puntatik, arpurura, lau beso,
lau hanka, tolestu egiten da origamia.
Xorro, morro, piko, taio, irudi dinamikoak, barruan gordetzen dute, izena.
Ezpainak, entzuteko, arnasa,
eta espasmo mioklonikoak akonpasatzen dira,
igeriketa sinkronizatuan,
ametsetan elkarrizketak,
mikroskopioa beharko litzateke honen muina aztertzeko,
gordea,
espazio txiki honetan,
Ziklogenesi leherkorrak biltzen ditu,
tximeleta efektua,
hatzak elkargurutzatu,
herrialdeak hondamendian desegiten diren bitartean.
Babes lekuak txikiak direlako,
beso batetik bestera doan azalera,
edonor itzultzeko haina,
Itxutzeko haina, argia,
gordetzen delako bertan,
nuklearra,
atomikoa,
energi iturri agortezina.

Besarkadak

Mantra sinaptikoen minan bizi-o, ala hil.
Errepikatzen zaizkit irudiak, keinuak,
oihartzunetan.
Ispilu neuronetan ezabatzen ditut,
besarkada kuantikoon mina.
Eduki zirriborrotua duten mamu arrastoak.
Auto besarkadak birsortzen ditut, kiderik gabe geratu zaizkidan emisferioentzat diseinatuak.
Errepikatzen ditut albo-kalteen ondorioz sortzen zaizkidan erantzun automatiko hauen errore txikiak,
inkontzienteki,
agortzen den hedatze-uhin magnetikoaren galera, espazio huts amaigabean.

PD: Astearteak besarkadak eta ezereza.

Ispiluan

Bizi da erantzuna,
batzuetan ikusezina, mamu bat,
banpiroarena bezala,
islada ezina,
besteetan arrotza,
Jekyll eta Hyde parez-pare jartzen dituena.
Beirazko segurtasun esparru mehea,
bestaldean dagoena begiratzen ausartzen denarentzat.
Animalia zaurituak, usoz mozorrotutako panteraren musua, hipopotamoak, jirafak eta ostrukak.
Atxilotuak daude islak, ukatuak gehienetan, nardagarriak, kondenatuak, epaituak.
Intimitate txikienean soilik askatzen dira, bis a bis xumeetan, xuxurlatzen dizkiotelako egiak elkarri.
Maite ditugu gure bazterrak, lanbroak izkutatzen dizkigunean.
Zer izkutatzen duen ez dugunean ikusten uzten,
orduan maitatzen baitugu,
bestaldekoa,
ikustera ausartzen ez garena ezin baitugu den moduan antzeman,
ez onartu.

Hausnarketa inprobisatuak bis

Animalia kuttunena

Zenbat kilometro,
minutu,
ordu,
urte,
ditu zure azalak.
Esku bat, zeharkatzeko baso guztia,
arana,
eta galdu egiten naiz,
eduki ezin jasan den unibertsoan,
guztia baitago bertan.
Begi horiek gordetzen dute.
Eta murgildu, salto lehiaketan bezala,
aparrik ez,
kiribildura bikoitzeko itzulipurdia.
Begi ninietan: Egia hutsa, biluztasuna.
Eta endorfina uholdeak gainezka egiten dute,
poliesterrezkoak bagina bezala, energi txinpartak iluntasuna argitzen,
ezin askatu den besarkada amaigabea, gorputz bakar bat.
Animaliak, trikuak, bilduta,
gure baitan, arantza lehunez josiak,
elektrikoak.
Irakurtzen zaitut.
Braile bat, itsuentzako eleberri ederrena, morse bat, gauez galdurik daudenentzat.
Zure ahotsa, elkarrizketa luzeetan, eraztunen jauna, eranzten gara, biluzirik, hats gozoenean barrena abiatuz, errari, edertasunik soilena gainzeharkatuz.
Jolas parkea, inguru natural babestua, izaki ederrenaren gotorlekua.
Animalia kuttunenaren elektrizitate estatikoak lotuta, paper puska bat, kitzikatuta, tentetuta, tentelduta, zure gorputzan, arantza bat.
Eta bitartean, denbora.
Euria ari du.
Eta bitartean,
dena gertatzen da,
hemen,
barruan.

Zuri-beltzean

Diztiratsuak dira zure mugimenduak,
jendartean mugitzen zarelarik,
ozeano gris horretan,
beti bezala,
kolorea duen ale bakarra,
nola ez ikusi,
ezarian, monotoniaren antitesia,
masa itsuaren erdian errari,
argi zantzu soila aretoan,
goibel,
egunari zentzu gutxia emanez,
txikia bada ere,
nahikoa,
monokromotik bereizten den bakarra izanik.

Erregeak

Ez dut gehiago nahi.
Ez dut,
berriz egingo.
Berriro deituko.
Inoiz hartuko.
Gehiago esango.
Inoiz erreko.
Batere edango.
Sekulan maiteko.
Ez dut, idatzi nahi.
Ezin dut,
gehiago,
nahi dut,
ez dut,
ezer gehiago,
nahi,
zu baino,
ezin,
dut.