Umezurtzak

Umezurtzak gara, noraezean,
ziurtasun, segurtasun, eta egiez janzten diren umezurtzak.
Kaleetan zehar, paseatzen doan bikotea,
footinga egiten duen gaztea,
lanetik etxera doazen auto ilarak.
Umezurtzak, noraezean,
konbentzio metaketaren segurtasunean ezkutatzen direnak,
ezjakintasunean arnasestuka dabiltzanak.
Galduak, segurtasunik gabeko izaki zalantzatiak.
Umezurtzak gara, segurtasun bila, egiaren bila, ziurtasun minez, errepikatzen, errepikapenak ekintzak zilegiago bilakatuko balitu lez.
Eta itxaropena suertatzen da,
fedea,
sinismena,
Iparrorratz gisa gida gaitzakeena, aukerak eta aldagai zehatz ezin diren uholdeak zuzenduaz.
Itxaropen itsua, zentzugabetasun guzti honetan zentzugabeena izan daitekeena, dirudiena,
agian,
zentzuzkoa izan daitekeen zalantzazko egi bakarra.
Eta hartara biltzen gara, biratzen gara, zuzentzen gara, senak, ona ala ez, agintzen digun horri eskainiz dena, benetakoa izan daitekeen zantzu bakarra.
Bertan aurkitu gaitezke eta umezurtzak, elkarri so, gure benetakotasun biluzia elkarri onartzeko.

Lana, garaikidetasuna eta existentzialismoa azken orduko hausnarketak