Ondorio likidoak

Zaila da isla begiratzea,
batzuetan ezin dugulako bestaldean dagoena ikusi,
ez dugu ezagutzen,
onartzen.
Zer dago bestaldean,
munstro bat,
zauritutako piztia,
basaberea,
elefante gizona,
lotsa,
mina,
amorrua.
Eta estaltzen dugu oihaletan,
ezin baitugu begiratu,
min horri aurre egin.
Baina gu gara, labana bularrean zartatu diona,
eta ez baldin badakigu ere zergatik, erru guztia leporatzen diogu bitartean.
Errudun jarrai dezan gure partez,
alde ilunenean, isilik.

Azken hitzA

img_20190204_081052_520

Ontzi fantasma bat naiz,

noraezean, itsaso honetan, azkenik, korronteen menpera,

askatua.

Zauri bat naiz, ezin itxi dena,

isuri egiten naiz, arima, izana, tantaka, bidean,

odol arrasto bat, ezin jaso dena.

Urmael bat, aienea, zarata bat, emergentzia txirrinak airean.

Hustu egin naiz, guztiz, bihotza agortu zait, betirako.

Eta eskutan ibai garbienaren ura bezala daukat zure usaina, eta hurbiltzen ditut eskuak aurpegira, desager ez dadin, azken hitza,

laztan hau, korronte hau, gure soka, gure katea, gu.

Baina askatu naiz, hobe beharrez, azken hitzak esan dizkiogu elkarri,

malkotan,

negar-zotinka,

izara artean,

mugagabea den ohe horretan.

Zauri bat naiz, oinaze bat, itogin bat, arrasto bat.

Nola egin,

ez dagoenean besterik.

Barruak atera ditut, mahai gainean zabaldu, afalostean,

disekzio ariketa bat,

magrebeko zokoan bagina bezala,

hemeretzigarren mendeko kirurgiaren hastapenak,

etorkizun berriei irekia,

eta eskua eskaini dizut,

goazen,

baina ez zara ausartzen,

eta toki honek estutzen nau.

Errari, mamu ontzia, Prestigea, gordin isuriak, odolusten,

abesten dugun bitartean, aurpegia eusten diogu elkarri,

azken laztanak, azken azal zatiak, azken begiradak,

inoiz leku sakonagora ez ginen heldu, sakratuena den lekura,

intimitate xumeenera.

Azken hitzAk zuretzat,

eta kanta bat, bihotzean, landa dadin, urmael honetatik,

eskaini ahal den ederrena,

bizi berri bat.