Iragana ate joka

Kafea eskuetan,
goiz eguzkitsua eta txolarreak teilatuan.
Ez da gehiagorik entzuten,
eta uhinak zeharkatzen gaituzte,
itzali dira hargailuak.
Ezin dira hezurmamitu.
Baina sokak dardar egiten dute,
kaioak tximenean algaraka,
denborak pulsar baten moduan emergentziaz igortzen du, aurrerantz eta atzerantz.
Ispiluen gelan isladak preso daude,
alde egin nahi izango balute bezala,
isladak, gainazal batetik bestera ariketa matematikoak burutzen dituen balarena bezala, angelu zorrotzak, hipotenusa eta zenbaki osoak, irrealak, nepertarrak.
Burrunbak astintzen ditu barruak, ehunak, organuak, #La sostenitua. Etorkizunetik dator gezia, iraganean zartatua oraina estutzeko.
Espasmo bat, tximeleta efektua,
ez naiz ispilu bat, ezin dut denbora islatu,
denbora azalean zartatzen zait, ez dit denbora islatzen, denborak ni islatzen nau.
Abestiak balantzaka jarri ditu organuok,
barrenok, elizan bezala, mezan bezala,
ezkontzan, ezteian, hiletan, denboran.
Kanpaiak dorrean, dardarak, uhinak.
Kaioak algaraka entzuten dira,
itsas gora, eta txolarreak teilatuak bete dituzte udaberrian, lastoz osatutako lubakian.

Oraina

oreina bezala ikusten da,
behe-lainoan, egunsenti urrunean, zuhaitz artean.
Baina hori geroa da,
onirikoki.
Oraina ikusezina zaigulako askotan, gehienetan.
Iraganak pauso larriz jarraitzen gaitu, tangoa dantzatuko bagenu lez, eta geroak ihes egin harrapa ez dezagun.