Kiribila

Izan da,
kanpora begira pasa dudan denbora,
nire gainetik igarotzen pasa duzun denbora.
Kiribil luzea izan da, kanpora begira,
nireak ez diren zamak, ardurak, inoiz gauzatu ez den onespena.
Kanpora begira, gupidagabea den norbaiten eskuetan.Barrura begiratu dut,
hemen dena ongi dago,
matxurarik ez, oinazea desagertuko da,
ez dut borrerorik behar.
Barrutik kanpora diot.
Nire mugak nireak dira,
eta espazio hau sakratua.

Sokamuturra

Soka lotu muturrean
saltorapiloa egin, adi, astiro, patsaraz.
Ezkutua eskuetan, ezkutuan, babesa, nahasmasan erosotasuna, eta egoera aztertu. Galdetegiak. Zauriak esploratu,
hatza sartu behar bada, zartatu
ikergaia.
Sokatik tira egin, irri mehatsugarria duzula.
Hitzak erabili: Aho-korapiloak, estutzeko,
gogo eta gorputza,
aseptikoa den behatokitik.
Nagusitasuna hitz orotan,
argitasun eza, oreka gabezia harreman tresna bezala.
Ezkutaketetara jolastu, arteak zabaldu zelaian, aldiro,
erdizka,
dantzatu nahia, arau erdi asmatuekin,
pika,
eta karta guztiak markatzen dituzu.
Soka estutzen da, eta partida txartu,
ondoeztu.
Ispilurik nahi ez duen nartzisoa,
isladarik ez duen mamua.
Gezurretan bizi den esfingea,
pasa bedi adoretsua,
galdeketa tranpatiaren ziriari gailen dakiola.
Zertarako?
Jokoa jarrai bezan, itsu, koldarren erreinuan.