Kantoian

Berandu zen, ustekabean harrapatu ninduten, lau ziren.
Aurrez aurre topo egin genuen bidegurutzean, gehiago ziren, formazioan iritsi eta kokatu zituzten haien buruak.

Haietako batek taldea atzekaldetik inguratzen zuen, amorratutako txakur baten gisa, atzera eta aurrera, etengabean guri begira.
Banpiro energetikoak zirela konturatu nintzen berehala, indarrak segundu batez huts egiten nindutela nabaritu nuen, hasieran ez nintzen zergatiaz ohartu baina.

Hizketan hasi eta nabariak ziren begiradak, erdizka irri egiten zuten ezpainen keinuak, botere harreman batean goian dagoenaren asetasuna zerien, kiratsa bezala, mina egitea gustoko duen jendearena bezala, iluntasunean edozer gauza egiteko erreparorik ez duen jendearena bezala. Otsoak bezala, katuak bezala, begiak argituta gauez kalekantoiean.
Ez ninduten ni ikusten, biktima bat besterik ez zuten ikusten, eta haien irrika arik eta bortitzagoa nabari zen.

Banpiro energetikoak ez dute aurrez aurre erasotzen, zeharka dabiltza beti, artez, izkutuan, horregatik dute itzala begietan, horrek, haien asmoak ezkutatzeko gauza balitz bezala.
Beste aukerarik ez eskuetan eta isladarik sendoena itzultzea erabaki nuen, osotasun eta arintasunez ene burua jantziz itzuliko nien islada, itsas argia bezala, ez zitezen saiatu ustekabean gu erasotzen.

Ez zuten bilatzen zutena topatu, islada sendoa mantentzen tematu nintzen, estu mantendu nintzen. Esku beterik ikusten nituen, sarraskiaren gose zirela, baina ispilu bilakatzearen abantailak handiak dira.
Istant batean ikusezin bilakatzerakoan, haiek emandakoa bueltan jasotzen dute, eta ezin diote haien islari sorik egin, ez dute nahi, ez doa bat haien helburuarekin.
Galdu egiten dira, ispilu labirintuan sartu izan bazenitu bezala eta hotzandu egiten dira, segundu batez nahastu bazenitu bezala.

Azken unean ahal izan nuen bezain beste dizdira egiten saiatu nintzen, azken kolpea, handik alde egin baino lehen, ez zezaten ustekabean probestu bizkarra ematen niela gu erasotzeko.
Energia bolumen handia eskatzen duen ariketa da, bi edo hiru aldiz sakonago dirdira egiteak, jakina da banpiroak ezin dutela argirik ez isladarik jasan.

Ez dut beste modurik ezagutzen, baina hortan nabil, denborarekin behar denean ikusezin bilakatzeko gaitasuna lantzen.
Hurrengoan banpiroekin topo egiten dudanean ez gaitzaten topatu.

Nire anaia

Bi gara, bi desberdin, bi bakar, bi ale.
Baina ez da egia, askotan bat gara, batez ere elkarrekin ez gaudenean, batez ere bat gara.
Espazioa eta denbora konpartitzen ez dugunean ez garelako bi.
Eta jendeak bakarra bezala tratatzen gaitu,
baina ez gara.
Eta jendeak begietara begiratzen gaituenean bestea ikusten du norberaren ordez, eta une horretan, ispiluaren bestaldera gurutzatu ahal izango bagenu bezala bestea bilakatzen gara.
Funtsean esan dudan bezala, espazioa eta denbora konpartitzen ez dugunean bat garelako.
Schrödinger anaiak.

Denboran zehar bidaia

Hodei horren itxurak,
kafearen usainak,
eta eguzkiak lehiotik sartzen delarik paretan inprimatzen dituen itzalak.
Txinatar itzalak, abian, postalak, paper zatiak,
txolarreen txioak lehioan erretzen dudan bitartean.
Gaztain erre usaina, arnasten den hotz hezea, hots ezean, erreparto kamioiaren klaxona.
Errekreoak, txirrina, eguerdiko hamabiak dira, bonben larrialdi doinua, gerrara  joan-itzulia.
Argi distiratsuak nonahi, eklektikoki, heliptikoki, epileptikoki gidatzen gaituzte.
Eta denboran bidaiatzen jarduten ditut orduak, atzekoz-aurrera, etorkizuna eta iragana zeharkatuz, akats kuantiko batek madarikatu banindu bezala, orainean hiltzaturik mantentzea ezinezkoa balitzait bezala.