Txori txiroak


Kanalaren garrantzia gailentzen da, gua eta bestearen arteko arrakala.
Diskurtsoaren korronteak begiradak zuzentzen ditu.
Eta jendea ibai ertzean multzokatzen da,
artaldea bezala artzain txakur frogetan.
Megafonotik argudiatu, bestaldera, eta alde honetan, etzan, altxa, segi hona!
Eta guztiek megafonoa noiz eskuratuko zain, edo bestela taldetxoetan diskurtsoak entseatzera.
Besteak dira errudun, besteak dira errugabe, bestak dira txiro, besteak zapaltzaile.
Ibaia zabala da, korrontea bortitza, ez da erraza gurutzatzea, bestea distantzian argudiatzea.
Baina bertan guztiak gara berdin.
Baina ez,
eta norberak bere buruaren ardura har dezan eskatzen diogu, guztiak arduradun, guztiak axolagabe, baina besteaz ari gara beti.
Zenbat balio du hilabeteko alokairuak,
zenbat epe motzeko kontratupeko soldatak, lanaldi erdikoak, kafeak eta tabakoak.
Estatusak estatusa kamuflatzen du, diskurtsoak diskurtsoa, artaldeak artaldea.
Eta errazagoa da topikoetan hustutzea, tropikoetan ustiatutakoak, topikoetan utzitakoak.
Eta galdetzen dut,
nor gara gu?
Baina tabuak aho handiegia dauka eta haren aharrausiak gortzen gaitu.
Duintasuna erlatiboa da,
prestigioa kiribil eran josten den artilea.
Hipokrisiak lau gorputzeko armairua dauka aldiro galantki tronpatzeko janzkera berriz.
Supermerkatura abiatzen gara depresioa gainditzeko, erosiko ez ditugun produktuez inguratzeko.
Artaldea gailentzen da,
eta megafonoetatik twerkinga haina dantzatzeko musika, bitartean 4€/kiloko tomate organikoak erosiko ditugu, zapatilak ezkutatzen dituzten pasaratu gabeko galtzerdietako patatei ez ikusia egiten diegun bitartean.

Joana

Grabitaterik ez urruntze honetan, kulunkatuta banindoa bezala mugimendu estatiko honetan.
Eztanda guztien indarrak zuzendu du norabidea, taxuz, ezin beste modu batean izan.
Ez dago soinurik espazioan, argazki bat bezalakoa da zeru argitu hau, eta barruan gordetzen dudan kosmosa, alabastrozko irudi aintzinako bat bezala denboran galdua.
Eta ez dakigu zer dagoen haratago, baina Newtonen oihartzunak burrunba egiten dute memorian, urruntzen garela, modu ekidin ezinean.
Gorputz adarrak hozten dira, poloan bezala, muturreraino, iparrorratz bat, urruntzen garen bitartean.
Beharrezkoa delako bidai hau, estatikotasunaren mututasun hotzean igitzen.
Galaxia urrun batek jasoko gaituen arte, bere orbitan, adarrok lora daitezen berriz, eztanda batean agian, jasan, kasik, supernoban.

Errefrakzioa

Gol.
Gal nadin, jaurtipen zuzena,
bala bat.
Zauri bat.
Odolustea ezinbestean, ezustean, ezarian.
Bidea marraztu gorriz,
animalia zauritua bezala, arrasto bat.
Eta konplexutasun emozional guztia loturik dago, soka luzeaz, harri bati loturik itsas hondora jaurtitzeko.
Filtro guztiak aktibatu dira, normaltasunaren pilotu automatikoa, hesi emozionalak, zelofana bezala estutzen nautela, aurpegia, ahoa, begiak, burua, deformidade guzti honetan itsuraldatua.
Eta koreografia zehatza izan da, flamenkoak bezala paduran, txaloak bezala tonuan, zuzenbide ariketa bat, erromatarra.
Baina zauriak dirau, antzezpen perfektuenaren muinean dirau, eta isuriak mapa bat marrazten du zoruan, gorriz, gida liburua.
Gorpua non aurkituko den argibidearen azalpena, eta geldirik, erdian, osotasun guztia itsaso bat balitz bezala edanez, animalia, hilkorki eri, eszenatik aterako duten pausoak zenbatzen.

Epika

Zaldiak ikusten dira zelaian,
banderak, ezpatak, baionetak eta kainoiak.
Danbor hotsak, bihotz taupadak eta arnas estuak, pauso larriak lokaztutako zoruan.
Adorez beteriko ahotsa, amildegia gainditzen, eta hondoan hondamendia eskuak tentetuta lantzak bezala, geziak bezala, zauriak bezala.
Bitartean denbora, eta ikasitako maitasun guztia altxortua, beso artean, besarkada erraldoiak bezala, eta harrotasuna, etika eta epika, apika, apika, apurka apurka, apurtuz, iragan mutuerazlearen soka guztiak, kate guztiak, kalte guztiak.