Saindu inuzenteak

Pizten dira zauriak,
neoizkoak minak, gauez.
Sinesmen guztietan oinarritutako usteak,
errepikatuak, gabezi guztiei irtenbidea,
argibidea, erantzun perfektua.
Gizarte mitomanoaren esloganean pitzatuak,
menpekotasunaren dikotomian, salba gaitzaten, irudikeria erlijioso itxuraldatuetan.
Gupida, beso artean, kupidoren errukia, hil zorian maitemina, maldan behera, zauri guztiak josten dituzten hariak tenkatuz, bondagea, mina eta gozapenaren mugetan zintzilik.
Sal-erosiko dira gure grinak, merkatu beltzean, irrikak, gabezi guzti hauei bidea emango dien homeopatia antzua, jaialdi loratuetan.
Badelako zerbait egia dena, eta hori da okerrena, hamar aldiz disolbatua, tanta moduan doitua, zoriona, gabezi guztientzat sendagaia.
Plazebo urriak zauri sakonentzat.

Isiltasun Zirkadianoa

Zarata guztiek estaltzen gaituzte,
mila oihalez osatutako gonapean, kanapean, isolaturik luzatzen diren egunetan.
Erritualak apurtu arte,
eztabaida zintzoena bakarrizketan ematen den arte, oihartzunik gabeko areto hutsean.
Ele gutxi behar dira, edo bat ez, bakardadean azkenik paratzen garen arte,
zarata desbideratzailetik urrun.
Abiadurak, diskurtsoen gaindosiak, hiperestimulazioen gainkokapenak, kaleidoskopio antzuak dira, zursareak, zentrutik at mantenduko gaituztenak.
Aitorleku ezkutuetan bezala, atzerritartu egiten zaigu bizitza.
Zarata handia da, interferentziak ugariak.
Baina hitzak, batzuetan soberan daude, isiltasunean topatzen baitugu oreka,
oraina,
kemena, hemena,
eta orain guztiak antolatzen dira,
distrazio guztiak disolbatu.
Oihartzunik gabeko domeinuan, garelako,
gure aldeaniztasunarekin.
Poliedroan gu.
Errotak bezala,
Arkimedesen solidoak bezala,
inperfektuki mugimenduan,
hori baita oraina,
zarata parentesian gorde dugun bitartean, bizitza.

Maskulinitatea

Urteak, egunak, orduak,
eta makil luze bat,
Makila Kixki,
behin eta berriro, balleteko irakasle tematuak bezala, solfeokoak, atrilean zartakoka haga astinduz.
Forma, forma, eta metamorfosi mutanteak bultzatzen dira.
Kontraesanak, ispilu guztiak ahurrak,
eta barruan bortizkeriak tokia aurkitzen du.
Indarkeriak indarkeriaz sustatu du espazio bat.
Kanpotik barrura, barrutik barrura, barrutik kanpora.
Eta galdetzen zaizu, eta galdetzen dugu,
baina Pauloven zakurrak bezala kanpaitxoa jo eta programaturiko inertziaz bezala eskatu zaiguna birsortzen dugu, zaunk.
Eta ausiki, hautsi guztia, bortxa delako, boterea delako, indarkeria delako, zonbien birusa bezala, kutsakorra.