
Urteak, egunak, orduak,
eta makil luze bat,
Makila Kixki,
behin eta berriro, balleteko irakasle tematuak bezala, solfeokoak, atrilean zartakoka haga astinduz.
Forma, forma, eta metamorfosi mutanteak bultzatzen dira.
Kontraesanak, ispilu guztiak ahurrak,
eta barruan bortizkeriak tokia aurkitzen du.
Indarkeriak indarkeriaz sustatu du espazio bat.
Kanpotik barrura, barrutik barrura, barrutik kanpora.
Eta galdetzen zaizu, eta galdetzen dugu,
baina Pauloven zakurrak bezala kanpaitxoa jo eta programaturiko inertziaz bezala eskatu zaiguna birsortzen dugu, zaunk.
Eta ausiki, hautsi guztia, bortxa delako, boterea delako, indarkeria delako, zonbien birusa bezala, kutsakorra.