Zirimola

Matrioskak apalategian,
bozgorailuak, ispiluak, kaxatxoak, sekretuak eta oroitzapenak.
Leihoak zabaltzen dira, irauli da ordena,
eta ate guztiak korridore luzean ordenatuki
hotel zaharkitu batenak dirudite.
Entzuten dira argibideak,
aztarna xumeak ate azpitik, notatxoetan,
kandelapeko argiak dir-dir gauez.
Katastroetako altxorraren mapak,
katastrofeetako bidezidorrak sorgindutako gazteluan.
Anatomia liburuak, eta barraskilo eskailera luze bat, sokazko eskudela duena.
Mutur batean lotua, korapiloz josia, gakoak, kamustutako ertz zorrotzetako hitzak.
Eta kanpora jaurti soka,
soto ilunetik argira.
Leihotik at, ihesbidea, lapurrak bezala,
presondegitik bezala,
maindireaz egindako sokatik bezala.
Baina irauli da ordena.
Escherren eskutik bezala kanpoa barrua da orain, barrua kanpora darama, eta errepikatzen da.
Gurpil karratuak, plano axiometrikoak eta soinketa ariketak matrioskak estutuak,
geruzen geruzpean, gerizpean,
dadoak, ziba bat eta haurtzaroa.
Norbaitek jolastu nahi al du?
Aginduak goitik datoz, zarata,
etorriko da unea, umeon matxinada.
Bitartean, hemen ez da ezer, edo guztia,
giltzapeturik sotoa dirudien ganbaran,
labirintoa dirudien korridorean,
katastrofearen katastroan,
bizigarritasun zedularik gabeko animalien zoologiko partikularrean.

Mikro-Makro

Geopolitikaren engranajea martxan da,
burdinola bezala, hortz zentrifugoak,
hortzak estuturik.
Entzuten dira doinuak, uhinak, armoniak,
zabaltzen, dardara melodikoak,
dantza egitekoak edo hortz-haginak kaskatzearenak.
Mundu mailako multi-jokalari partida birtuala,
dadoak mahai gainean, poker partidak, apustuak azken orduko bazter inprobisatuetan.
Zoria eta ziria, eta txoriak txioka, etengabeko informazio fluxuan.
Leiho guztiak irekirik daude, saio guztiak itxirik eta erpin bakar baten inguruan gabiltza dantzan, koloreetako zintak, zauria lotu nahian, ehun bat, geruza bat, ohial bat, babes gaitzan.
Ohiartzunak amaitu dira, uhinak kode binarioak ordezkatu ditu eta atomizatzen goaz, polarizatzen goaz.
Udaberria heldu da, baina gauetan ipar poloa dirudi, boreala, zaratarik ez, besarkadarik ezta,
musuak gorri, eskuak zuri,
zatoz.
Noiz da gero?
Eta amaitzean? Amaituko bada,
nola egingo dugu?
Bitartean, heldu eskutik, oihartzuna entzun dadila, mikroskopioak ere ezingo du antzeman non hasten den bata eta non bestea.
Plaketak bezala, haria eta jostorratza zaurian.
Bat egin dezagun bitartean, metaforikoki bada ere, heldu nahi badugu amaiera.

Intro


Gauzak ukitzen hasi naiz,
etxeko zutabeetako egurra,
leihoetako beira,
maindireak gorputz osoan.
Oinutsik zeharkatzen dut etxea,
eta lurrean dauden apur arrastoak nabaritzen ditut horpoetan.
Usainak ere bikoiztu dira,
lanbro lodi eta astun hau besarkatu ahalko banu bezala, itsas zaporea duena, gatza, iodoa, ura.
Teilatuetan metatzen dira bizilagunak, txolarreak bezala, kaioak bezala, hegan ateratzeko prest.
Tropak kaleak hartu dituzte, eta guk zeruak nahi ditugu.
Denak gaude hemen,
baina hemen ez da inor.
Eta leiho, balkoi eta zulo guztietatik luzatzen ditugu besoak, elkarri estutzeko,
metro t’erdiko distantzia inposatuan.
Metro t’erdi dago lehio batetik bestera, etxe batetik bestera, herri batetik bestera.
Zenbat beharko da metro t’erdi zeharkatzeko,
eta berriz denbora.
Biolinak entzuten ditut, gitarrak eta abestiak, metro t’erdira dudan musika ekipotik, eta luzatzen dira, auzo osora,
etxe txiki honetan dantza egiten dudan bitartean,
lehioak lanbrotzen ditudan bitartean izerdiaren kondentsazioarekin.

Guztiak kutsatuko gara

Ildo guztiak forma galdu dute,
eta ildo bakarrak irentsi ditu,
hodei erraldoi batek bezala, behe lainoa,
izozgailugik irteten den lanbro heze eta astuna.
Hondora garamatza, lurrera, bertan ez da ezer argi ikusten, oinak lurrean diote, baina begirada galdua dugu eta ezin asmatu.
Denbora geldituz doa astiro, amaitzen ari den eslogana kamera geldoan, eta isiltasuna.
Diruak baina ez du bere isuria eteten, alokairua, elektrizitatea, ura eta zaborrak, zaborrak bai, usaina dario libratu ez den azken poltsa horri.
Kultura eten da, aisia eten da, gizarteratze fisikoa ezabatzen ari da, egun lainotsuan portutik aldentzen ari den itsasontzia bezala.
Eta lana, baina lana? Inpasak pizten dira, kaleratze ahotsak, elkartasun hotsak, bitartean hotza, esaten zuten ba negua ez zela bukatu, nekatu.
Eragiketa matematikoak hilabete bukaerarte kontorsionismoa luzatzeko, orduak kudeatzeko, denborak eragin duen espazio berri hau betetzeko.
Tele lanaldiaz ari zaizkigu, telebista, irrati eta sare sozialetik, telegaitezen, telezaitezten, telegramak berrogeialdian.
Telehurbiltasuna akaso, baina nik besarkadak maite ditut.

Gamelua, lehoia eta umea

Geruza guztiak zeharkatuko nituzke.
Zigarreta batez ohialak, maindireak zulatuko balitu bezala.
Baina su hartuko lukete izarek, ereserkia entzuten den bitartean, mantra bezala, sehaska kantak umea ezkutatzen den bitartean.
Haizeak ohialak astintzen ditu, nahasten dira mugak, lehortzen diren oheko arropak, labirintoan.
Eta gamelua ostruka dirudi, lehoia eztanda bat, eta umeak ihes egiten du, kometa bat eskuetan hegan egin nahian.
Baina umea da beti gidatzen duena, maindireetan inguratua, metamorfosian, babesean, lubakian, presondegian, eta izarak urratzen ditu, geruzak gailendu nahian, eta izarrak agertzen dira ordu txikietan.
Eta maindireak hegalak daitezke, kapa bat, haize-oihala, eta geruzak geruzak dira, mailak bezala, bizitzak bideojoko batean, pantaiak.