Estaldurarik Gabe

Lilurapean murgildu gintuen modernitateak, nonahi, tresna, traste eta gailu teknologikoak onartu genituen, gure egunerokotasuna errazteko, arintzeko. Erabakiak hartzeko, bilaketak burutzeko elkarrekin jarduteko erabiltzen genituen. Teknologia berriak egunerokotasunaz jabetu ziren. Ahots eta testu prozesamendurako sintesi digitalak burutzen zituzten algoritmoak garatu ziren, hizkuntzak eta lengoaia prozesatu, eta dekodifikatu egiten zuten programak bultzatu genituen. Adimen artifizialak sortu genituen, sarea den informazio itsaso horretan geure kabuz bilatzeko astia edo borondate eza ordezka zezaten. Kortana, Siri, Alexa. 

Lami kantuak bezalakoak ziren, konturatzerako geure senean  bigarren plano batean burutzen ziren programak bezala. Nonahi, iragarkiak, sailkatutako berriak, berbiderapenak, zentsura, blokeatutako datu eta informazioak. 

Horrela konturatu ginen guztiaz, Big Datak bahituta gintuela, gure nortasunak ordezkatuak eta gidatuak izaten ari zirela. Lami kantuak bezala xuxurlatzen zigutela geure egunerokotasunaren nondik norakoa zein izango zen, geure erabakiak zeintzuk beharko luketen. Liluratuta gintuen haren doinua, hondoan, ia entzungaitza zen zarata, modem zaharkitu batena bezalakoa.

Hizkuntza zen gakoa, gakoetako bat, eta horrela jabetu ginen. Euskara ez zegoela oraindik guztiz prozesatua, Big Datak ez zuen guztiz irentsi, ez zituen geure hizkuntzaren konplexutasun eta nolakotasunen ñabardura guztiak barneratu, prozesatu eta birsortu. Ez zuen metamorfosi linguistikoa guztiz gauzatu. Hizkuntza gutxitua zen gurea, ia ikusezina, hondar ale bat sistemaren zapatetan, ez zen sumatzen kasik, akaso ezeroso samarra une konkretu gutxiren batean.

Hortik hasi ginen, orduantxe konturatu ginen, gure hizkuntza ganoraz eta osorik prozesatzeko biderik ez zuen Big Datak. Gure gailu eta tresnek entzuten gintuzten, baina ez zuten esaten genuena guztiz ulertzeko biderik. Honek berak hausten zuen lilura, bahiturik gintuen lami kanta. Gure hizkuntza mintzatzerakoan geure kabuz jardun, erabaki eta pentsatzera behartuak geunden, eremu honetan Big Dataren eragina ahuldu egiten zen, eta bat batean trantze hipnotiko batean murgilduak egon izan bagina bezala esnatu ginen, gutxi batzuk hasieran, gehiago denborarekin, xumeki, emeki, gutariko nabarmen bat osatzea lortu genuen arte.

Big Datak, egunerokotasun globalak bahituta zuen, errealitatea xake partida baten parean antolatuz, algoritmo bidezko estrategiak burutuz, sal-erosketak, erabaki politikoak, gobernuak gailenarazi edo deuseztatuz,  iritziak bideratu, indartu edo isilaraziz, kontzeptuak bultzatu edo desagerrarazten. Hau guztia bigarren planoan gauzatzen zen, ia entzungaitza zen doinu liluragarrian sortua, lami kantuak, garaia bizigarriagoa egiten zuen ezinbestekoa bilakatu zen teknologiak bideratua.

Gure hizkuntza mintzatzeak Big Dataren kontrolaren eremutik at mantentzen gintuen, ez zen  ariketa erraza, interferentziak handiak ziren, eta gure hizkuntza neurri handi batean prozesatuta zegoen, sintesi bidezko prozesamendua geroz eta aurreratuagoa zelako, lanak genituen nortasuna xurgatzen zuen munstro orojakilearen eskuetatik urrun mantentzeko.

Bigarren pausoa ematea erabaki genuen, sintaxia, morfologia, egitura jorratzea. Prosa egiturak eta egitura narratiboak kodifikagarriagoak zirela antzeman genuen, hortaz Big Datak gugan zuen eragina nabaria izaten jarraitzen zuen. Algoritmotik salbu mantendu nahi genuen, lami kanta entzuteari utzi, geure kabuz izan, jardun, bizi. Planaren bigarren fasea martxan jarri genuen, egitura poetikoa erabiliko genuen elkar ulertzeko. Poesiak ez baitu kodifikazio modu bakarra ulertzen, itzulgarritasun zehatzik ez dauka, komunikazioan parte hartzen duten eragileek prozesuan aktiboak izan behar dute, ez dago itzulpen argirik, komunikazio prozesu hauetan geure kabuz pentsaraztea genuen helburu, interferentzietatik ihes egin, Big Dataren radarretik desagertu

Egitura poetikoak erabiltzeari ekin genion beraz, dagoeneko bi suhesi inposatu genizkion Big Data orojakile eta nonahikoari, gure arrastoa ezabatzea lortzen ari ginen, azkenik gidatzen gintuen lilura honetatik aske geratzeko bidea hasi.

Atopia RPG artefaktu kosmikoarentzat idatzia.

Mens


Konfinamenduak aukera asko ireki ditu, eta asko itxi, tenporalki bada ere.
Proiektu guztiak dira posible, orduak, orduak, eta orduak libre, baina preso, denbora korronte batean bageunde bezala, perpetuum mobile, fisika trikimailu batean.
Ahots asko entzuten dira, egin beharrekoen zerrenda luzeak: Gida liburuak, guruak, haterrak, eruditoak.
Informazioa bi modutan banatzen da, akaso hiru: Auto erreferentziala dena, pandemiari buruz ari zaiguna; ludikoa dena, hau da, ihes egiteko bidea ematen diguna, eta identitarioa, kolektibo gisa nola prozesatu eta eraikiko dugun etorkizunaz ari zaiguna.
Eta denbora pantaien bitartez zapingan pasatzen da, telebistako beira bitartean, mugikor eta ordenagailuarenetik, leihoaren beira bitarteko.
Zaila da kontzentratzea, denbora tokean jolastea bezala igarotzen da, ordu bat gorde, bi saltatu. Irudi, pentsamendu eta hausnarketak paisaia bilakatu dira, abiadura handiko trenean, ziztu bizian zeharkatzen ditugun bitartean.
Badira lanean dabiltzanak, bagaude langabezian gaudenak. Badira etxe handiak dituztenak, bagaude etxe ñimiñoak ditugunak. Pareko terrazan familia bat ikusten dut igandea elkarrekin pasatzen, alaitasuna honaino iristen da. Buelta eman eta lau pareta, maite dut etxea, ia pertsona fisiko bat bilakatzeraino, baina zaila da elkarrekintza etxearekin, ez ditu nire galderak erantzuten. Esango nuke nire nortasunaren parte bat bilakatzen ari dela.
Barraskilo bat naiz, 25m2 hauek soinean daramatzat.
Ordena, egitura, ezinbestekoak dira, eta auto disziplina inposatzen diot neure buruari: Goiz esnatu, irakurri, musika entzun, kirola egin, ordutegiak errespetatu, idatzi, ea, idatzi, baina idazterako garaian pentsamenduak abiada bizian doaz. Artea prestatu behar dut, sarea, eta zortearekin bertan erortzen direnak baliatu.
Egunak dira dagoeneko bakardade irudikatu honetan, errealitate gaingabetu honetan, likidoan. Dena da, baina ez guztiz. Post, fake, erdi, light, suzedaneoa zait errealitatea, holograma bat, eta momentu batzuetan neure burua mamutzen ikusten dut. Ordenak laguntzen dit, baina, sormenak, elkarrizketak, errealitatea oraindik hor nonbait dagoela pentsatzen jarraitzera laguntzen didalako.

Beste (ALDE) bat irrasaiorako idatzia.

Poloetakoak

Galdetzen dut,
beti dagoela iparra,
beti hegoa.
Non zauden, han beti iparragorik,
beti hegoagorik.
Nonbaiten hegoa izan zaitezkeela,
norbaiten iparra ere.
Baina poloetan?
Iparrorratzek zer diote?
Poloetan iparra gainditzen denekoa,
hegoa gainditzen denekoa.
Geziek 180° marrazten dutenean,
iparrek talka egiten duten muturra,
hegoek ere idiak bezala frogan.
Zein erlatiboak puntu kardinalak,
erreferentziak,
zein kartesiarrak, eta zurrunak,
baina guztia da erlatiboa,
poloetan ezik,
zentrifugoak bezala, ordena antolatzen.
Bidaiatuko dugu noizbait poloetara?
Egia asmatuko ote dugu han,
zer benetakoa dagoen ikusi?

Is(o)la

Maskarak, eskularruak eta eskafandrak.
Ikusezinak diren aspersore kutsakorrak.
Kolkoraino ura, betaurrekoak, arnas tutuak eta bainu ontziko plastikozko jostailuak, ahatetxo hori bat.
Estali, eragotzi, distantzia.
Besarkadak ez, eskukadak ez, bostekoak ez…
Muxuak, oh…
Muxuak.
Azala zimurtzen zaigu, ordu luzeetan uretan egon izan bagina bezala, hipotermia soziala, eta hotzikara.
Eta ikara.
Ostrazismoa, ostrukak eta ostrak,
lurrazpian, urazpian,
eta perlak bezala distira egiten duten topaketa urriak, urrea, xumeak.
Denbora likidoa da, eta leihoak irekitzen ditugu airea dadin eguna.
Ikusten dira paisai Hopertarrak, terrazak jendez gainezka, alaitasun zantzuak, eta fondoan hondartza, 500 metrotara itsasoa, eta kaioak algaraka, iseka baleude bezala.
Isolamendu honetan bada jendea, hitzen bitartez, begiraden bitartez, agerraldi bat batekoen bitartez besarkatzen gaituztenak, kode ezkutuan.
Wals bat eta balkoi loratuak, ilara koreografiatuak, sintonia partekatuak.
Altxor txikiak, isolamenduan.

Elefanteak eta Marmokak

Elefante bat dut etxean,
kalean topatu nuen, zakarretan,
eta etxera ekarri nuen, nirekin denbora dexente darama.
Elefante bat dut gelan,
baina ez da bakarra.
Besarkatzen dut, besarkatzen ditut elefanteak,
errege biluziak, neuronak, eta argindar kinadak.
Troyako elefante bat dut barruan, barruan zer gordetzen duen ez dakit, akaso bai.
Eta besarkatzen dut.
Espazio eta denbora fisikoa mutatu dira, mututu dira, elkarrekintza mugatuetan.
Benetakotasuna proiekzio bidez inprimatua geure memorian, baina azal honek arnas egin nahi du, elikatu.
Marmokaz bete dira kaleak, zeruak, bideak, gardentasun susmagarriz, zurbil eta inerteak marmokak, hologramen antzekoak hauen garroak heltzen gaituzte, baina ez dira besarkadak.
Balkoiak eta leihoak jendez gainezka, dendarako bidean pertsona guztiekin helkarrizketak, egia guztiak mugatuak, egi handi hauek txiki direlako mututasunean, denak gara berdin, denak gaude berdin, baina zentralismo emozionalak homogeneizatu nahi gaitu.
Marmokak ikusten ditut kaleetan, garroekin jendea mututu nahian, mutante garaian.
Elefanteak ditugu egongelan,
besarka ditzagun elefanteak,
akaso izango dugu oihana bisitatzeko parada.