
Maskarak, eskularruak eta eskafandrak.
Ikusezinak diren aspersore kutsakorrak.
Kolkoraino ura, betaurrekoak, arnas tutuak eta bainu ontziko plastikozko jostailuak, ahatetxo hori bat.
Estali, eragotzi, distantzia.
Besarkadak ez, eskukadak ez, bostekoak ez…
Muxuak, oh…
Muxuak.
Azala zimurtzen zaigu, ordu luzeetan uretan egon izan bagina bezala, hipotermia soziala, eta hotzikara.
Eta ikara.
Ostrazismoa, ostrukak eta ostrak,
lurrazpian, urazpian,
eta perlak bezala distira egiten duten topaketa urriak, urrea, xumeak.
Denbora likidoa da, eta leihoak irekitzen ditugu airea dadin eguna.
Ikusten dira paisai Hopertarrak, terrazak jendez gainezka, alaitasun zantzuak, eta fondoan hondartza, 500 metrotara itsasoa, eta kaioak algaraka, iseka baleude bezala.
Isolamendu honetan bada jendea, hitzen bitartez, begiraden bitartez, agerraldi bat batekoen bitartez besarkatzen gaituztenak, kode ezkutuan.
Wals bat eta balkoi loratuak, ilara koreografiatuak, sintonia partekatuak.
Altxor txikiak, isolamenduan.