Zazpi

Zazpi leiho ditut etxean,
hiruk kalera ematen dute,
zabalak dira.
Hauetatik bik pareko kalera,
hirugarrenak itsasora.
Beste hiru leihoek barrura ematen dute,
bata laukizuzena, bigarrena borobila,
hirugarrena karratua,
hirurak hautseztatuak daude.
Azkenik zazpigarrena, txikia,
ezkutatua, zerua eta itsasoa ikusten dira,
egunean behin hurbiltzen naiz, dutxan nagoenean soilik ikus dezaket bertatik.
Kalera ematen duten leihoetatik argia sartzen da, ugari, haizea, euria ere sarri, kanpoa ikusten da, kanpora atera zaitezke, kanpoa barrura sartzen da ere.
Barrura ematen duten leihoek ez dute argi askorik ekartzen, kanpotik datorrena profitatzen dute, baina etxea zabaltzen dute, handiagoa bilakatu.
Ez ditut zabaldu, bitartetik begiratu bai, noizik behin.
Kanpora ematen duten leihoetatik jendea ikusten dut, leihoetan ere, balkoietan, terrazetan, kaletik ere pasioan.
Barrura ematen dutenetan akaso pertsona bat, zelatan, lotsagabe xamarra.
Etxeak bi alde ditu, argia eta iluna, barrua eta kanpoa,
batzuetan barrukoa argiagoa da kanpokoa baino, gauez, edo egun oso eguzkitsuetan, argiak alde batetik bestera etxea argizko amarauna bezala zeharkatzen duenean.
Etxeak zazpi leiho ditu, guztiak beharrezkoak,
batzuk kanpora ematen dutenak,
besteak barrura,
hiruk kalera,
hiruk barrura,
zazpigarrenak zeru eta itsasora egunean behin.

Brutalitée II

Zauriz josiak gaude,
azala ebakiondo bat, azal berria,
geruza, ehuna, batura, josturak.
Diagrama guztiak lotzen dituen pentagrama,
eta galdetzen dut, zer nahi duzu?
Datorrena ezezaguna da, ez al da hala beti?
Ezjakintasunak arrakalatzen du zorua, sismikoa da, San Andresko falla, eta zubiak josten ditugu, armaduraz biluztu, ateak ireki, gotorlekuak zabaldu.
Entzuten da espazioaren zabalera, korridore guztietan hedatzen den doinua.
Uhinak, irrati frekuentziak, dardara bat, soka instrumentu baten dantza, hatz muturrak lehunki jotzen, dardar hau guztia atontzen.
Etorkizunak dardar egiten du, bihotzez,
Nora goaz? Lainotzen, egunsentietako lanbroetan oinez.
Oinutsik, espartinak eskuetan hezetasun printzaz, intza belarretan, pauso tinkoz,
ikusten baitugu bide guztiak bat direla, bektorialak, indarren talka gogorra.
Jarrai dezagun dardara hau, doinu hau,
entzuten al duzu akordea, hitzik gabeko lengoaia, lilura hau, zubiak dira, sokak, hariak, lotu gaitezen, arrakalak estutu eta osatzeko.
Astindu gaituen seismoak eraldatuko gaitu eta,
baina zein ederra orbana, oinazea, oroitzapen mindua, josi ditzagun, gitarren kordaz, doinu berriak entzun ditzagun, aurrera, denborak garamatzalako leunki gerora.
Senda dezagun seismo hau, ebakiondoak ederrak dira eta, azal berria, armadura, gurutzada honetan,
goazen.

Alde irrasaiorako idatzia

Bilaketa

Begiak estaltzen ditut,
ez dut ezer behar diot,
ezagutzen dut tokia hau,
dena bere lekuan dago.

Eta bira bat, bi eta hiru,
itsumandoka,
zer gertatu da?
non nago?
nor izan da?
Eta galtzen naiz.

Zakur bat hondamendian aztarnak jarraitzen,
kolonoa urrearen bila,
Wall Streeteko brokerra orriak eskutan estutzen dituela oihuka.

Sokaren bila, aztarna, usaina, zarata hori.
Oroitzapen antzinako bat, eta barruan ezkutatzen dudan umeak lasterka alde egiten du, artaburuen bila.
Banderatxoak zintzilik, musika eta koloreak,
kurtso amaierako jaialdian.
Ke usaina, idatziak, kartulinak eta etxeko-lanak meta batean sutan.
Hezetasuna irteteko prest, belardi, hodei edo itsasoan zain.
Eta zorabioak duen inertziak ez du zaratarik, glitch bat, kiribil diskurtsibo bat.
Baina nola heldu zara honaino.

Begiak desestali,
oreka bere baitara itzuli ez denean kasik,
dena dago berdin,
ez da ezer berririk,
non nengoen.

Ah bai,
ez dut ezer behar, diot.

Basoak

Azala kizkurtzen zait, kiribildu,
goroldioak bildu egiten du.
Azal zahar hau, oroitzapen guztien lekuko.
Eta sustraiak aireratzen zaizkit, non heldu, besarkaden bila, eta adarrak zabaldu, hostoak agertu, udaberria hatz muturretan.
Eta adarrak, oreina bat naiz,
eta haginak, basurde bat naiz,
eta hegalak, basoan.

Abagunea, argi gunea, zuhaitz zahar honetan hobia, koba, pasabidea.
Eta barruak kanpora egiten du, eta kanpoak barrura.

Piztiak, gauez, argi-ilunetan, erroiak, paumak eta saguzar bat. Amaraunak intzaz bustiak, eta ilargia guztia argitzeko,
argi jokoak, amarru ausazkoak.

Basoa da udaberrian, organikoa, bere estatikotasun guztian mugitzen, enbor bat.

Udaberria da hemen, barruan,
basabere egunez,
pizti gauez, piztua zikloa.
Ehunzangoak larre honetan, ardiak bezala, organikotasun lurrezko hau kitzikatzen.
Ziklo amaigabean,
haginak, adarrak, iratze mami kiribilduak,
mamu ustezkoak lanbro hezean.
Bitartean,
iraultza goroldioan.