Erregaiak

Fosilak, mesozoikoa likuatua,
isuria, jarioa, labainkorra.
Eta guztia zaigu likido dagoeneko,
politika, artea eta nortasuna,
guztia jariakor, fluxu magmatikoa zoru tektoniko dardarakorren pean.
Erregaiak, gara, pospoloak, erabilera bakarreko bitartekariak dantzan, pololoak, poxpolinak eta uztai dantza, antza, eta uzkitik metanoa,
ez dadila gal, guztia da merkaturagarria.
Energia berriztagarriak, erretorika politika birziklagarriak, haize errotak eta X faktorea, zein da zein, politika politika, Sarandonga, eta jar ezazu musu ederrena kamera aurrean.
Irudiaren gizartea, hipertestuaren hiperbole antzua, dena da merkaturagarria, gol, eta gal, eta gel, hidrogela, musukoa eta segurtasun distantzi ideologikoa, ez diezaiogun elkarri begietara begiratu bitartean ez badugu filtrotik jartzen, metakrilatoa, ke gortinak, Valentzia filtroa eta tok-tok nor da, tik-tok merkatua, kan-kan iraultza balitz, konpon beharko luke.
Sufrea pospolo muturretan, erregai likidoak, nortasunak bezala, errezeta globalean.
Guztiak dauka prezioa saldu nahi duenarentzat, guztiak du presioa, neurririk gabeko likuadoran,
azken tantaraino, urre urria,
eta euria, tantaka, berotzen den likido guzti honetatik eratorria.
Uholdeen zain, ekaitza perfektua noiz iritsiko,
likidoen zikloa osatuko ote den, solido, sublimatu, gaseosoa, eta jariatu gaitezen, kontrolik gabe, gurea den naturara itzul gaitezen, uholdean, egitura hertsi guzti hauetaz gaindik.

Kateak

Luzeak dira kateak,
eta goruntz,
eta beheruntz,
eta beti eror zaitezke kontuz ez estropezurik egin,
eta tira katetik, eta tira kateak.
Lotzen gaituzten kateak,
eta entzuten dira eztabaidak, leporatzeak,
beldurra toki orotan.
Ez galdu txanda, lekua, boterea:
Bai jauna, madarikatuak,
guztiak makinerian.
Jendea dorreetan metatua,
Babeleko dorreak hezur-mamitan.
Oinak sendo errotuak, ez dadin oinarria astindu,
eta gora, eta gora,
ez baitago behea.
Eta goian eta goian, ez dago goia ez besterik.
Tu egin lur lokaztura,
karkaxa jaso, euri bendeinkatua.
Katea luzea da,
eta denak katean,
borrero eta morroi,
beti bestea da errudun otoi.
Gupida eskatzen dute batzuk, lasaitu tenkatutakoa, tenkatuz lehena, geroa ziurtatu nahian.
Ez dezala inorrek alde egin, bada ausartzen dena, kateak luzeak dira, ez dezazun egin kalte, estropezu, galde.
Estutua izateko izu direnak ezti baitaude, azti nor estutuko haien alde ez dezaten labainka egin, ez baitago beherik.
Behetik soilik goi,
lohia honetatik ezin irten debalde.