Kaosaren balioa

Oihuka dabiltza salbamentu baltsan,
zuek ez! Diote.
Zuek bai!
Hitzek errealitatea definitzeko gaitasuna galdu dute.
Hitzek guztia izendatzeko balio dute.
Zurrunbilo bat eta indar zentripetoak.
Ahal dutenek iraganari eusten diote, zentrifugoan besteetaz desegin, etorkizuna itsutu nahi dute, inozoak.
Eta zaldizko irudi bat, biluzirik, plazaren erdian, noiz salbatuko gara, gu, merezi dugunok.
Eta besteak, nortzuk dira besteak?
Gu haien besteak garela ahaztu nahi bagenu bezela.
Guaren disoluzioa nortasun inerteetan, urmargoak ilunabarrean.
Hura ez da errepikatuko, baina rizomatikoki sortu ginen, kaosaren forma ordenatuan.
Arrazionaltasuna zorian dago, arrazakeriaren zoru etikoan.
Balioak apalategietan, urre txanponak eta AEBko erreserba federala.
Zenbatean dago kanbioa?
Zokoa eta tratua, itsas maskor preziatuenak, paper bustia, hitz guztiak eta hildako hizkuntza galdu baten hiztegia itun gisa.
Balioak, ekibalentziak eta kutxazain automatiko bat.
Nortzuk dira besteak?
Gu haien besteak ez bagara.

Biotopoan

Gurdi irudikatuak antzerkiratzean.
Led argiztapena, poliestirenozko elurra.
Mitoa gidariarenak egiten eszena estatikoan.
Europaren bahiketa new-age pixelatua eta txalo zaparrada bat.
Iragarkietarako etenaldia eta urruneko kontrol aparailua galdu zaigu.
Guztia da telematikoa,
gorrotoa ere.
Dardoetara jolasteko morroia erosi duten bizilagunak, eta lan kontratu zimurtu bat dianan.
Hipoxia, odolak ez du saturaziorik,
igo iezaiozu kontrastea, jaitsi iezaiozu balantzea,
jarri iezaiozu filtro bat hil aurretik,
gorpu eder bat,
azken agerraldia da beti oroituena.
Eskua emateko keinua, ezkutatu,
muturra,
arnasa,
gorde biologia, gauza hori, kutsakorra.
Birtualitatearen festa, olograma bortxatuak eta garbitzaile bat aretoa garbitzen, lanaldi erdira, bost toki desberdin, hiru ordutako desplazamendua osotara.
Calipsoa eta latigo bat,
denak dira errudun, eta irri algarak eta kopen hotsak ondoko gelan.
Shhhhhht, ixo, entzungo gaituzte.
Nork itzali du argia?
Presidentea ez da etorri, eta bizilagunak?
Dagoeneko ez dago ia, idiotak eta polisa.
Polizia eta koristak.
Txalo bero bat ekintza bakoitzeko, ai enea eta zaplaztekoa.
Guztiak pantailari begira, nolako gauzak gertatzen diren han barruan.
Eta hemen?
Argia itzalirik jarraitzen du,
ba al da norbait?

Erresonantziak

Pizten zaizkit oroitzapen lainotuetan, iraganaren arkeologia burutzen dudanean.
Oihartzunak nabaritu ditut ugari,
eta gaizki ulertu ere,
eta ez ikusi, ez entzun, soilik maila sentsorialean higitu direlako.
Berriak dira eraiki ditudan begiak,
esku hauekin, ez dira opari bat,
ez dizkiot inori zor.
Eta ikusten ditut dardarak, entzun,
oihartzunak, magnetismo honen erretorika,
denboran bidaiarazten nautenak, lanbroetara,
iragan lausora, zaurgarrira.
Baina simulakroak dira jada bidaiok,
josi baititut jantziak, beratu eskafandra,
arkeologia hondoratutik berreskuratzeko iragana, orainean, salbu, hausnartzeko.

Erresonantzia guztiak, mikrouhin guzti hauek egin bainaute, gizabanako, sentikor, zaurgarri, hilkor.
Beste inor bezalakoa, azkenean.