
Pizten zaizkit oroitzapen lainotuetan, iraganaren arkeologia burutzen dudanean.
Oihartzunak nabaritu ditut ugari,
eta gaizki ulertu ere,
eta ez ikusi, ez entzun, soilik maila sentsorialean higitu direlako.
Berriak dira eraiki ditudan begiak,
esku hauekin, ez dira opari bat,
ez dizkiot inori zor.
Eta ikusten ditut dardarak, entzun,
oihartzunak, magnetismo honen erretorika,
denboran bidaiarazten nautenak, lanbroetara,
iragan lausora, zaurgarrira.
Baina simulakroak dira jada bidaiok,
josi baititut jantziak, beratu eskafandra,
arkeologia hondoratutik berreskuratzeko iragana, orainean, salbu, hausnartzeko.
Erresonantzia guztiak, mikrouhin guzti hauek egin bainaute, gizabanako, sentikor, zaurgarri, hilkor.
Beste inor bezalakoa, azkenean.