Angst

Anfora bat eskuetan,
porlanezkoa, eta ateak zabaldu,
ateak itxi, ateak zabaldu, eta itxi.

Gelaz gela, informazioa bildu, pilatu,
liburu pila bat osatzea bezala.
Zutabeak, orekaz mantendu ekilibrismoan,
eta harrera, ongi etorria eta agurrak.

La politesse, eta ateak zabaldu, kontuz anforarekin ez dadila barrukoa isuri.

Arropa bidean aztoratzen da, ateak ireki, berokia galdu, ateak itxi eta anfora, kontuz.

La politesse, eta kontuz ez dadila izutu, jendea, adeikortasunez, informazio zaparradak eta aterkirik ez. Estropezuka, galtzak trabatu ateratzerakoan, eta bidean biluzik, eta kontuz anforarekin, la politesse, eta agurtu, eta informazioa zutabe luzeak bezala, eta anfora arrakalatua, eta kontuz ez isuri, ez izutu, ekilibrismoan, eta non da irteera.

Kontu nazazu hau otoi, eta beste eskurik ez.
La politesse, begirada bitxiak, eta dardara bat.
Errege biluziaren parada, anfora, edukia, informazio zutabeak balantzaka, la politesse, begietara begiratu, giltzak non dira? Atea itxi, atea zabaldu, korridore luzeak, jendea alboetan espektakuluari so.

Zer darama eskuetan?

Anfora, edukiontzi arrakalatua, hustu eta bete,
Asterixen 12 frogak lez, Kafkaren prozesuaren pare, a la claire fontaine eta argi estroboskopikoaren doinura, kea, eta muga.
Urrunean oraina, piktorikoki.
Itsasontziak itsasoratzen gauez, argi distiratsuak iluntasunean, olatuak burrunba etengabean autobide baten zarata osatuz paisaian, zarata zuria.

Ilargi betea eta beira lanbrotuak arrakalak marrazten.
Anfora apalean, atea itxita, biluztasuna iluntasunean,
8 ordu eta oraina.