Istripuak

Galarazpen guztien gainetik,
zaplazteko, lasterraldi eta kolpe guztien ondotik.
Garaiz ikasi gabeko lezio guztien bestondoa.
Murgiltze guztien, amiltze guztien, lotsa gutxien, edo hesien aglutinazioa.
Eztanda guzti hauen oinazeak, kraterrak bezala, orbanak bezala, izerdi hotza, esku dardartiak.
Istripuak gara abian.
Aurrera, barne kadentzia multifaktorialean bira, dira, bizipen hibrido hauen osotasuna hezurmamitzen.
Istripuak, zoria deszifratu nahian.
Gora goazen, ala behera, ausaz, josten gaituzten informazio soka hauek lobotomizatu ez gaitzaten.
Meteoroak, erosioaren aurkako gurutzada kamikazean.

Traolak

Itsaso bat,
bizirik den kontinente likidoa.
Fluxuan, denbora, betekizunak eta galderen gurpil amaigabea.
Masa erreaktiboan elementu bat. Makroskopikoki korrontea, itsasgora, itsasbehera eta itsaskiak. Marea biziak, basamortuak bezalako paisaia ilargituak irudikatzen.
Eztanda bat, eta mila begi, mila esku, mila zauri, etengabean mantsotzeko buztinezko gorputz hau.
Urak lagunduko du, hura lagunduko du, urratuak, arratuak, errotuak.
Mikroskopikoki berriz tanta bat, kristal bat, burbuila bat, eztanda eta lurruna. Zikloa berriz has bedi.
Zinetikoki lotuak gara mugimenduan, harreman tenkatuan, sortu gintuen bortxa beretik zabalduko da.
Egun kamaleonikoak argitzen du bidea, eguzkiloretu arantzatsua, gasoil kolore hibridoa, putzu, portu eta estrata mehetan.
Kulturaren atsekabea birtualaren desbirtuazio paradigmatikoan, printzesaz jantzitako bi katuk,  Youtubeko bideoak ikusten dituzte.
Youtubeko bideoetan ikusten dira.
Bideetan berrasmatzen dituzte.
Biretan, jiretan, zirietan metatu, muturrean su eman eta sareak kolpatu.
Neoizko metak noizko.
Noizko metak neoi, enoi, heroizko, herio, oi.
Eta diskurtso guztiak ziztu bizian korapilatzen zaizkigu.
Urteak bezala, urdeak bezala, uholdeak bezala.
Ezin mantendu, ezin kontu, egin kantu.
Bizirik dago! Oihukatu du norbaitek.
Bizirik gaude esango nuke.
Suzko lastargiak han hemenka balantzaren diren bitartean. Irrintzi bat. Zer nahi zenuten ba?
Ispilu guztiak labirintoa osatzen.
Hartu zure tiketa, merkatu librea.
Inork ez zigun esan nola egin behar den.
Egingo da, egungo da baina.
Guztiok ala deus ez.